Jaurlaritzak etxeko konfinamendua ezartzeko aukera ahalbidetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari

Maialen Etxaniz 2020ko aza. 4a, 19:04

Alarma egoeraren dekretua moldatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Madrili, "beharrezkoa balitz" etxeko konfinamendua ezarri ahal izateko. Eskaera "aztertu" egingo dutela erantzun du Ministerioak.

Espainiako Osasun Ministerioaren Lurralde Arteko Kontseiluaren batzarra izan da gaur, eta Eusko Jaurlaritzak alarma egoeraren dekretua moldatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, “beharrezkoa balitz eta erkidego bakoitzaren egoerak hala aholkatzen duenean” etxeko konfinamendua ezarri ahal izateko. Egun indarrean dagoen dekretuak ez du jasotzen aukera hori. Jaurlaritzaren eskaerari erantzun dio Ministerioak, eta “aztertu” egingo dutela esan du. 

Horrez gain, gaur egun indarrean dagoen dekretuarekin, erkidegoek etxeratze agindurako ezarrita dauden ordutegiak moldatzeko eskumenik ba al duten galdetu dio Eusko Jaurlaritzak Pedro Sanchezen gobernuari. Ministerioak erantzun du ez duela uste, baina kontsulta egingo duela.