Bi kasu positibo atzeman dituzte azken orduetan, asteburuko gorakadaren ondoren

Juan Luis Romatet | Maria Maya Manterola 2020ko aza. 3a, 15:24

Beherakada nabarmena izan du Zumaian kasu positiboen kopuruak. Hala eta guztiz, Errezilen ondoren, eskualdeko bigarren intzidentzia tasa altuena du, 1.923,66, hain zuzen ere.

Pandemiaren bigarren olatu olatu honetan datu kezkagarriak izan ditu Zumaiak, baina badirudi asteburuko 36 kasu postiboen ondoren zertxobait apaldu dela kasu kopurua. Azken orduetan, hain zuzen ere, bi kasu positibo besterik ez dituzte detektatu herrian egindako PCR probetan. Hala ere, gorriz jantzita jarraitzen du Zumaiak, eta eskualdeko bigarren intzidentzia tasa handiena du, Errezilen atzetik, 1.923,66ko kopuruarekin. Urola Kostan, berriz, Zumaiakoez gain, beste 44 kasu zenbatu dituzte azken orduetan.

Hemezortzi kasu atzeman zituzten atzo Azkoitian, aurreko hiru egunetan zenbatutakoa adina –20 kasu izan zituzten ostiraletik igandera bitartean–. Urriaren 28ko datuetara joan behar da antzerako igoera bat aurkitzeko. Egun horretan 15 kasu positibo izan zituzten herrian. Datu hauen ondoren 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko kasu metatuen kopurua 1.326,22 da.

Azpeitian, berriz, zortzi kasu positibo zenbatu zituzten atzo, bezperan baino bost gehiago, baina ostiralean atzemandako 24 kasuetatik urrun. Intzidentzia tasa 1.481,24 da une honetan.

Zarautzen berriro gora egin du positiboen kopuruak; beste hamar kasu zenbatu zituzten atzo (93 kasu dira azken zazpi egunetan), eta semaforo gorria piztu da berriro herrian. Kasu metatuen tasa 500dik gora dago berriro –635,17 atzo.

Eskualdeko beste lau herritan ere positiboak atzeman zituzten atzo: hiruna Zestoan eta Orion, eta bana Aian eta Aizarnazabalen; Beizaman, Errezilen eta Getarian, aldiz, ez zen kasurik izan.

Hego Euskal Herrian ere gorantz jarraitzen du kasu positiboen zenbaketak. 1.525 kasu positibo atzeman zituzten atzo.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11.886 proba egin zituzten atzo, eta 1.120 positibo detektatu zituzten. Bizkaian izan zituzten kasu gehien, 506; Gipuzkoan 490 kasu izan ziren, eta Araban 113. Hiru lurraldeko datuak batuta, intzidentzia tasa 715,76koa da. 

Ospitaleratuei dagokionez, beste 73 lagun eraman zituzten hiru lurraldetako ospitaletara. ZIUn, gaur egun, 106 lagun daude. 

Nafarroan beste 525 kasu izan zituzten egindako 4.505 probetan. Tamalez, beste sei lagun hil ziren atzo Nafarroan birusaren eraginez.