Osasun Sailak 23 kasu positibo atzeman ditu Zumaiako baheketan

Maria Maya Manterola 2020ko aza. 2a, 18:45

Baheketara deitutakoen %76,53a gerturatu zen joan den astean Aitzurira PCR proba egitera. 

Ignacio Garitano Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak prentsaurrekoa eman du azken baheketatako datuen berri emateko, tartean, Zumaiakoak. Baheketako deialdia herriko 3.132 pertsonei egin zitzaien, eta 2.396 hurreratu ziren Aitzurira PCR proba egitera. Hain zuzen ere, %76,53ak hartu du parte baheketan. 

Zumaiako baheketan 23 kasu positibo detektatu dituzte guztira. Beraz, %0,96ko positibotasun tasa izan du asintomatikoak atzemateko baheketa selektiboak. Datozen egunetan baheketa gehiago iragarriko dituela esan du Garitanok. Haren hitzetan, tresna eraginkorra da koronabirusaren zabalpena ekiditeko. 

Era berean, Garitanoren esanetan, aste hau garrantzitsua izango da hartutako neurrien eragina ikusteko. Bitartean, harreman sozialak mugatzeko deia egin du Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Zaintza eta Kontrolerako Programaren koordinatzaileak. "Ez dago formula magikorik pandemiari aurre egiteko. Ezarritako neurriak betetzeko konpromiso soziala ezinbestekoa da", gaineratu du.