“Heriotza kontuan hartzen badugu, bizitza bera ere kontuan hartuko dugu”

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 31a, 15:52

'Heriotzari bizi ematen' izeneko jaialdia egingo da bihartik aurrera. Bere izenak garbi uzten duen bezala, heriotza izango dute hizpide hitzaldi, solasaldi, zine emanaldi eta bisiten bidez. Ekitaldi hauek online jarraitzeko aukera izango da, hemen. Aurrez izena eman beharko da.

Zumaian ere egitekoak ziren jaialdi honen inguruko ekitaldi batzuk, baina pandemiaren bigarren olatuak hankaz gora utzi ditu hasierako asmo horiek. Hala ere, gai honen inguruan interesa dutenei Internet bidez jarraitzera animatzen dituzte Irune Aranguren, Espe Grela eta Amaia Barea zumaiarrek. Mugimen honetan boluntario lanetan dabiltza hirurak. Jaialdia bihar hasiko da, azaroaren 1ean, hasiko da, eta hilaren 7ra arte iraungo du. Aurretik ekitaldi batzuk egin direla argitu digute, eta hilero saio gehiago egiteko asmoa dagoela ere azaldu digute.

Bihar hasiko da Dando vida a la muerte festibala. Zer motako jaialdia da hau?

Amaia Barea: Hamabi emakumek sortutako festibala da, eta lehen aldiz egingo da. Gune zentrala Palma de Mallorcan dago, baina gaiak Euskal Herrian indar asko du, eta herri askok hartu behar dute parte. Egia da egoera honetan asko atzean geratzen ari direla. Gure hondar apurra jarri dugu. Zumaian egin behar ziren ekitaldiak, baina eten egin behar izan dira.

Espe Grela: Lehengo ostiralean hasi ziren ekitaldiak, eta igande honetan bertan hasiko da festibala. Astebeteko gauza da, baina urtean zehar ekitaldi gehiago ere izango dira; ez da astebete honetako kontua bakarrik izango.

A.B.: Dando vida a la muerte du izena jaialdiak, eta aspalditik datorren lan baten emaitza bezala ikus daiteke; ez da egun batetik bestera sortutako zerbait. Hitzaldi hauetan jende garrantzitsuak hartuko du parte: profesionalek, zainketa aringarritan lan egiten duen jendeak, etab. Heriotzaren inguruan lan egiten duen jendeak hitz egingo du, baita gai honetan interesa duen jendeak. Bakoitza bere aldetik aritu da lanean, eta orain ideia polit baten inguruan elkartu dira. Egoeragatik online izan beharko du.

E.G.: Ekitaldi desberdinak daude. Zine forum saioak izango dira, eta gero zuzendariekin streaming bidez elkarrizketak ereegingo dira. Death cafeak egingo dira, tanatoriora bisita, hitzaldiak ere izango dira...Azken finean, erakutsi nahi da heriotza bizitzaren parte dela, ez dela bukaera bat. Jaiotzean dakigun bakarra da hil egingo garela. Horrek denok lotzen gaitu, eta bizi dugun egoera honekin, oraindik eta gehiago. Heriotzaren inguruan beldur asko, sentimendu asko daude, ezin direnak erakutsi. Solasaldi hauen bitartez jendeak parte hartzeko aukera izango du, bakoitzak bere sentimenduak azaltzeko. Heriotzaren kontu hauek badirudi jende arraroaren gauzak direla, morbosoak, makabroak, baina ez da hala. Jaialdi honen bidez normaltasun batera ekarri nahi dugu. Heriotzaren kontuak landuta, bizitza hobetuko dugu. Heriotza konutan hartzen badugu, bizitza bera ere kontuan hartuko dugu.

Heriotzaren kontu hauek badirudi jende arraroaren gauzak direla, morbosoak, makabroak, baina ez da hala

Heriotza hizpide da Death Cafe izeneko tertuliatan. Zumaian egin dira halako solasaldiak

 

Irune Aranguren: Urtebete baino gehiago goaz Death Cafe hauekin. Azken pare bat saio online egin genituen, baina orain stand by batean dago. Zumaian saio bat egin behar genuen festibal honen harira, baina bertan behera geratu da. Ingalaterran sortutako egitasmoa da, eta mundu osora zabaldu da. Batzuk hitz egitera joaten dira, askatzera, pixka bat bilatzera leku bat non ez diren arraro sentitzen gai honetaz hitz egin nahi dutelako. Espazio honetan ez da inor epaitzen. Batzuk joaten dira interesa dutelako, beste batzuk bizipen bat izango dutela heriotzarekin eta norbaitekin konpartitzeko beharra dutelako. Batzuk joaten dira terapia zentzu batekin, baina mozten saiatzen gara, ez delako terapiako gune bat. Hitz egiteko eta hausnartzeko gune bat da, pixka bat denon artean gune bat sortzeko heriotzaz hitz egiteko. Kasik espazio gehienetan hitz egin dezakegu beste gaiez, baina heriotzaz gune gehienetan ezin da hitz egin. Oraindik ere muga batzuk jartzen dira, gero eta gutxiago, zorionez.

A. B.: Normala da halako arrakasta izatea, ze, adibidez, hezkuntzan oso gutxi hitz egiten da heriotzaz. Normalean horri buruz hitz egiten ez dugunez, ez lagunen artean, ez familian, gertuko norbaiten heriotza duzunean hor aurkitzen zara ez dakizula zer egin dituzun sentimendu horiekin guztiekin. Batzuk izan dezakete nori heldu, norekin partekatu, baina jende askok, bakarrik dagoenak, barruan gordetzen ditu. Halako espazioek, eta festibal honek ere bai, asko lagunduko du. Heriotzari buruz hitz egiteak asko laguntzen du bizitzaz duen ikuspuntua berriro zalantzan jartzeko. Heriotzari buruz hitz egiteak behartzen zaitu galdera batzuk egitera: zertan ari naiz? Zer nahi dut? Nola iritsi nahi dut momentu horretara? Bakoitzak bere buruarekin egiteko lan polita da. Talde bat baduzu, gertuko lagun bat, horri guztiari buruz hitz egiteko prest dagoena, oso lagungarria da, bai heriotzaren inguruan ditugun sentimendu horiek guztiak barneratzeko eta ulertzeko, baita bizitzaren inguruan hausnartzeko. Lan polita da, eta beharrezkoa.

Kasik espazio gehienetan hitz egin dezakegu beste gaiez, baina heriotzaz gune gehienetan ezin da hitz egin

Hamabi emakumek sortutako festibala da hau. Modu desberdinean bizitzen al dute heriotza gizonek eta emakumeek?

I.A.: Ez dakit taldea nola sortu zen. Baina pertsona bakoitzak modu desberdinean bizi du heriotza, eta batzuetan badaude hezkuntzatik jasotzen ditugun eredu horien zertzelada batzuk. Baina, ez beti. Badago joera bat gizonak barnerakoiagoak direla, baina hezkuntzatik datorren zerbait da.

A.B.: Hizlarien artean gizonezkoak ere badaude. Iaz formazio saio batean parte hartu nuen, Orion, eta gizonezko bakarra zegoen. Aurten beste promozio bat egon da, eta gizonezko gehiago izan dira. Agian, emakumeok hemen, Euskal Herrian, lotura handiagoa izan dugu heriotzarekin, zaintzan ere gehiago aritzen garelako. Baina, nik uste gaur egun gizonek zein emakumeek egin dezaketela lan hori.

Santu Guztien Egunaren inguruan egingo da festibal hau. Kasualitatea ez da izango. Sentimendu handiak mugituko dituen eguna izango da hau.

I.A.: Nik uste dut baietz. Halako egunak badira bizipenak mugitzen dituzten egunak, nahigabea bada ere.

E.G.: Egun horretan sentimendu guztiak ukitzen zaizkigu. Gabonetan bezala da; sentikorragoa sentitzen zara. Gure gizartearen gauza da hori. Munduan zehar kultura pila bat daude, eta erlijio askotan beste modu batera ikusten da heriotza, trantsizio modu bat bezala; ez da ikusten heriotza amaiera bat izango balitz bezala. Beste ikuspuntu horiek ekartzea bada garrantzitsua gure gizartearentzako; azkenean, gure bizitzak modu sakonago batean bizitzea ekarriko digu, baita kontzienteago.

Aurretik hortaz pentsatzen badugu, nolako heriotza izatea nahiko genukeen pentsatuko bagenu, agian desberdina izango litzateke

Beste kultura batzuetan heriotza beste modu batean bizi dute. Mexikon, adibidez, festa moduan gogoratzen dute hilen eguna. Agian beste kultura horiek ezagutu beharko genituzke. Ez dakit festibal horretan halako gaiak landuko dituzten...

A.B.: Heriotzaren gaia nola bizi dugun hemen. Nik uste festibal hau gehiago doala hortik. Heriotza, gaur egun, oso medikalizatuta dago. Lehen, batez ere baserri giroan, familiak garbitzen zuen gorpua eta egun batzuetan edukitzen duten bertan. Gaur egun, nahiz eta leku batzuetan mantenduko den, prozesua medikalizatu egin da. Konferentzia batzuek une horretan jartzen zaituzte: zuk zer nahiko zenuke gertatzea une horretan? Ospitalean hil? Norbaitek zuri eskua emanda hil? Edo senitartekoez inguratuta? Aurretik hortaz pentsatzen badugu, nolako heriotza izatea nahiko genukeen pentsatuko bagenu, agian desberdina izango litzateke.

Gaur egin, pandemiarekin, gauzak desberdinak dira. Jende asko hil da bakarrik...

A.B.: Bai, bai, hala da, eta oso gogorra iruditzen zait gertatzen ari dena. Bai, geratzen den pertsonarentzako, bai denontzako ere, azken momentu horretan agur esateko aukera hori izatea garrantzitsua iruditzen zait eta. Profesionalek ikusiko dute noraino dagoen aukera, eta zein diren arriskuak. Beraiek ikusiko dute noraino den garrantzitsua, baina bai egon behar duela protokolo batek, pertsonentzako oso garrantzitsua delako. Heriotza estatu mailan nola bizi dugun aztertzeko xedea dute konferentzia hauek. Gero, desberdintasunak izango dira probintzien artean, familia artean, giro hiritarra edo landakoa izan... Esan bezala, gero heriotza norberak bere erara biziko du, denok desberdinak gara eta. Ondo dago ikustea beste kulturatan nola ikusten duten heriotza, baina baita ere nora goazen, garrantzitsua den azken momentu horretarako prest egon beharko genuke eta.

Jaialdiko egitarau