Igande goizaldean izango da neguko ordu aldaketa

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 20a, 11:09

Europako Komisioa ordu aldaketarik ez egiteko aukera aztertzen ari da oraindik. Antza, 2021ean hartuko dute erabakia.

Urriak ere egin du aurrera, eta urtero bezala, gainean dugu neguko ordu aldaketa. Ohi bezala, urriko azkeneko asteburuan izango da, larunbatetik (urriak 24) iganderako (urriak 25) gauean, hain zuzen. Hala, igande goizaldeko 03:00etan ordubete atzeratuko da ordua, eta 02:00ak izango dira. Aurrerantzean, beraz, lehenago argituko du egunak goizean, eta lehenago ilunduko du arratsaldean.

Izatez, argi naturala aprobetxatzeko eta energia aurrezteko egiten dira ordu aldaketak, baina auziak hautsak harrotu ditu azkeneko urteetan. Europako Komisioak 2018an proposatu zuen 2019an aldatzea orduak azkeneko aldiz, baina azkenean, 2021. urtera atzeratu zuten erabakia. Hortaz, aurten ere udako nahiz neguko ordutegi aldaketak izango dira, baina baliteke azken urtea izatea.