Udalak arduraz jokatzeko deia egin du, azken egunotako positiboen gorakadaren aurrean

Maria Maya Manterola 2020ko urr. 19a, 17:06

Udalak jakinarazi du familia eta lagun arteko bilkuretatik datozela positibo gehienak. Osasun Sailak momentuz ez du aparteko neurririk hartuko, baina arduraz jokatzeko unea dela azpimarratu du Udalak.

Azken egunotan nabarmen egin du gora positibo kopuruak, eta Osasun Sailak emandako datuen arabera, 100.000 biztanleko 14 eguneko tasa 721,47koa da. Zumaia gorriz margotutako herrien zerrendara pasa da. Positiboen gorakada dela eta, Zumaiako Udalak jakinarazi du familia eta lagun arteko bilkuretatik datozela positibo gehienak, eta datozen egunetan kasu gehiago egotea aurreikusten dutela.

Era berean, "ardura bereziaz" jokatzeko unea dela azpimarratu nahi izan du Udalak, baita bizitza soziala zirkulu txikietara mugatzekoa, osasun neurri orokorrak errespetatzekoa eta maskara ahal den guztietan jantzita edukitzekoa ere.

Zumaiako osasun zentroko arduradunek emandako datuen arabera, ostiralean 100 PCR egin zituzten, eta horietatik 20k eman zuten positibo. Igandeko emaitzetan beherakada izan zen, larunbatean froga gutxiago egin zirela eta. Gaur beste 100 proba egin dituzte, eta datozen egunetan positiboen kopuruan beste gorakada bat egon daitekeela uste dute. 

Egoerarekin kezkatuta, Osasun Sailarekin harremanetan jarri da Udala. Momentuz ez dute aparteko neurririk hartuko; egoera okertuz gero, Osasun Saila jarriko da harremanetan Udalarekin.