[GUTUNA] 2020ko uda aitzaki

Migel Aperribai 2020ko urr. 13a, 13:45

Urtero bezala, aurtengo uda ere ahotan izan dugu. Inoiz baino gehiago ere bai seguraski, COVIDa dela eta. Baina birusa alboratura ere -bizitzan ez bezala paperean hori egitea posiblea baita- komunikabideak, albisteetan, udari buruzko edukia aldatuz doazela somatzen dut.

Eguraldiak izandako portaerak errelatoan jarraitzen du, noski. Urtero esaten da pasa berria den uda inoizko beroena izan dela ere, baina nabarmena da eguraldiari buruzko aipamenek pisua galdu dutela kostara tsunami modura hurbildu zaigun egungo turismoaren gorabeherekin alderatuz. Turismoak eramaten ditu aipamen gehienak: turisten kopurua, batez beste zenbat gau igaro dituzten, zenbat diru utzi duen bakoitzak, nondik etorri diren, eta abar. 

Aldatzen doa udari buruz jasotzen dugun informazioa, eta aldatzen goaz gu geu ere, nola ez! Udari orain eguraldi ona baino zerbait gehiago eskatzen diogu. Gaur egun, lehengo aldean, turista asko hurbiltzen da udan Zumaiara, dirua dakarten turistak, eta haiek harrapatuko dituen sareak sortzeak hartu du garrantzia herrian. Sareak sortu, gurean txanponik utzi gabe beste inora aldegin ez dezaten. Herrira etorri den horri gastatzeko aukera eman behar diogu, tentatu: era guztietako ikastaro eta esperientzia berriak eskainiz, arropa eta jantziak haien muturren aurrean ipiniz edo barkuan itsas paseoak eskura jarriz, esate baterako. 

Herria saretzen ari gara, bai Zumaia eta bai Euskal Herria, eta beldur naiz modu batean edo bestean sare horretan kateatuta bukatuko ez ote dugun guztiok. Turismoa jadanik ez da herritar batzuen kontua, hasia da guztiongan eragina izaten (etxebizitzen garestitzea eta pisu turistikoen ugaritzeak lekuko). Izan ere, orain badakigu kalterik gabekoa dela irudikatzeko "industria Txuria" deitua izan den turismoak eragina izan baduela, eta eragin hori beste edozein industriak sortutakoa baino handiagoa dela maiz. Badakigun bezalaxe turismoak dakartzan haizeak ez direla beti aldekoak. Herria aldatzen joaten da, herritarrak herria aldatzen ari dela konturatu ere egin gabe askotan, konturatzerako herri arraro batean sentitu arte. 

Turismoak aldaketak eskatzen ditu. Inoiz turista ere izaten garenok badakigu turista modura gabiltzanean ez ditugula herri arruntak bilatzen. Zerbait berezia edo xelebrea behar du erakarriko gaituen herriak, eta gainera turismo munduan ezaguna behar du izan bitxikeria edo berezitasun horrek. Gurea adibidetzat hartuz, behar duzu flyscha moduko zerbait, eta behar duzu hori behar bezala promozionatu, inguruan dabilenari hori ikustea ezinbestekoa izan dakion. Hori izanda, turistari gauzak erraztea izango da ondorengoa. Naturaz ari bagara: zatitu hobeto bereizteko, egokitu, eta parkea bihurtu. Azkenik, "fenomeno" hori era erosoan ikusteko egin beharrekoak etorriko dira: miradoreak, ibilbideak turisten oinetara egokitzeak, inguruak balizatzeak, panel informatiboak, itsasoan barkoz pasio atseginak eginez ikusteko aukerak eta beste. Azken hauek gerora etortzen dira, pixkanaka, ez guztiak batera, eta askotan amaitu ezinak ere suertatzen dira. 

Aurretik dago herria eta bere "altxorra" ezagutzera ematea, turisten mapan ipintzea. Izan ere, turistak, lokots bilketa jokoan bezala, bere zorroan sartzen joan behar du hautatu duen bidaiarako turismo industriak han hemenka markatu dituen ezinbestekoak. Bestela, hori ezean, bidaiak ez du homologaziorik lortuko. laz, Zumaiako jira eginda zihoan turista bati entzun nion, Zumaian bi gauza ikusi behar zirela. Hala esan zion behintzat, aholku gisa, herrira etorri berria zen beste turista espainiar bati. Ez nuen aukerarik izan bi gauza horiek zein diren entzuteko, baina bat “pelikulako” ermita izango dela pentsatzen dut. 

Hala izango da, bai. Turista uholdeak hurbiltzen dira bertara. Are gehiago, esango nuke une honetan, Gaztelugatxe salbu, Euskal Herrian ez dagoela gure honek adina jende erakartzen duen beste ermita edo erromeriarik. Eta gauzak horrela, turistei zerbitzua emateko sortutako hainbat lanpostu ikusi ondoren, hona nire galdera: zenbat falta zaigu ermita horren inguruan erroskila saltzaileak ikusteko? Beno, hau seriogi geratzen ari zitzaidanez, barkatu atrebentzia. Ez dago galderari erantzun beharrik. 

Kontua da, konturatu gabe gertatzen diren aldaketa horiek atzeman asmoz, aurtengo udan, bi arratsaldetan gutxienez, marea goian zegoela, denbora-pasa egon naizela errioari begira. Eta ikusitakoaz, zer esan? 

Bada, ariketa gomendagarria dela edonorentzat, erriora, kaleetara, hondartzara edo herriko beste edozein toki edo jardunetara turismoaren betaurrekoekin begiratzea. Guztion begirada da interesgarria eta beharrezkoa. Ez noa bada, nik ikusitakoa edo ondorioztatutakoa aurreratzera, nahiago dut gonbitea luzatzea. 

Hori bai, seguraski turismoarekin zerikusirik eduki ez arren, aipatu nahi dut harritu egin ninduela hainbeste txakur ikusteak. Txakurrak bainuan "Abascalenian", txakurrak saltoka “Talaipen", txakurrak egonean eskoilerako eskaileretan, txakurrak paddeletan, eta baita ere "apatrullatzen”, aspaldiko doinuak belarrietara ekarriz: “Que se vayan, se vayan..."

Dena ez da aldatu.