Leire Esnalek gaur jokatuko du euskal pilota egokituko finala

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 11a, 10:00

Eneko Sagarmendi bikotekidearekin batera neurtuko ditu indarrak Iñaki Divasson-Xabier Arizkorretarekin. Gorriz ariko da zumaiarra, iaz berak eta Sagarmendik irabazi baitzuten txapelketa.

Gaur jokatuko dituzte Euskal Pilota Egokitua Laboral Kutxa txapelketako finalak, Errenterian (Gipuzkoa). Adimen urritasuna duten lagunen arteko lehiak emango die hasiera gaurko jardunaldiei, eta kategoria horretako finalean izango da Leire Esnal zumaiarra, Eneko Sagarmendi errenteriarrarekin batera.

Aurreko asteburuan izan ziren finalerdiak Bidania-Goiatzen, eta han lortu zituzten gaurko finalerako txartelak bi bikotek: Iñaki Divasson-Xabier Arizkorreta eta Leire Esnal-Eneko Sagarmendi. Gorriz ariko dira Esnal eta Sagarmendi, iaz sariketan nagusitu eta txapela jantzi baitzuten. Gaurko partidetan parte hartuko duen emakume bakarra da zumaiarra.

12:00etan hasiko da finala, 150 ikusleren aurrean. Izan ere, segurtasun neurriak direla eta, erdira mugatu dute Agustina Otaola frontoiko aforoa.

Adimen urritasuna duten pertsonen kategoriako finalaren ostean, urritasun fisikoa duten pilotarien txanda izango da: Hilario Olano-Beñat Lizaso eta Aingeru Senperena-Mikel Merino bikoteek neurtuko dituzte indarrak.