%0,6 igo da langabezia irailean Zumaian

Andoni Elduaien 2020ko urr. 7a, 09:57

Iraila ez da hilebete ona izaten langabeziari dagokionez. Uda garaia amaituta, zerbitzuei lotutako lanpostu batzuk bertan behera geratzen dira, besteak beste. Aurten ere hala izan da: %0,6 igo da Zumaian abuztuko datuekin alderatuta. Irailaren amaieran 468 lagun zeuden Lanbideko zerrendetan. 

Hilabeteko epean sei hamarreko igo da langabezia tasa Zumaian. Abuztu amaieran %9ko tasa zuen Zumaiak, eta 30 egun geroago, iraila amaieran, %9,6koa du. Hau da, %0,6 gehiago. Ohi bezala, emakume gehiago dago langabezia zerrendatan. Irailaren amaieran 272 emakume zeuden Lanbiden izena emanda; gizonezkoak 196 ziren. 

Eskualdeari dagokionez, udako oporraldiaren ondoren, langabeziak %0,1 egin du gora irailean. Joan den hilean langabezia %9,6an kokatu zen, hau da, abuztuan baino %0,1 altuagoa izan zen. Eskualdeko langabezia tasa Gipuzkoakoaren (%11,2) eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%13,5) azpitik dago. Urola Kostako batez bestekoa, berriz, %9,6 da –abuztuan %9,5 zen–. 

Aipatzekoa da kostaldeko herrien eta barrualdeko herrien artean joera desberdina izan dela. Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan behera egin du langabeziak, eta berdin mantendu da Errezilen. Gainerako herri guztietan, ordea, gora egin du langabeen kopuruak abuztuarekin alderatuta: irailean, guztira, 3.636 lagun ziren lanik gabe, abuztuan baino 27 pertsona gehiago. Eskualdean lanik gabe zeudenetatik 1.579 gizonezkoak dira eta 2.057 emakumeak. Aipatu behar da, gainera, lanik gabe dauden emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa dela eskualdeko ia herri guztietan; Zestoan, aldea txikia bada ere, gizonezko gehiago dago langabezian.

Honako hauek dira Urola Kostako herrietako langabezia tasak:

  • Aia %7,4 (abuztuan, %6,4)
  • Aizarnazabal %15,1 (abuztuan, %14,2)
  • Azkoitia %10,2 (abuztuan %10,9)
  • Azpeitia %10,2 (abuztuan, %10,7)
  • Beizama %10,2 (abuztuan, %8,5)
  • Errezil %6 (abuztuan, %6)
  • Getaria %7,1 (abuztuan, %7)
  • Orio %9,9 (abuztuan, %9,5)
  • Zarautz %9,4 (abuztuan, %9)
  • Zestoa %9,5 (abuztuan, %10)
  • Zumaia %9,6 (abuztuan, %9)

Datu horien arabera, Aizarnazabalek du langabezia tasa altuena (%15,1), eta haren ostean dira Azkoitia, Azpeitia eta Beizama, hiru herriak %10,2ko tasarekin. Horiekin batera, Oriok gainditzen du eskualdeko tasaren batez bestekoa (%9,9); tasa berdina dute, aldiz, Zumaian. Gainerako herri guztietan tasa baxuagoa da.