Martxan da Moriako errefuxiatuei laguntzeko janari bilketa Zumaian

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 2a, 19:29

Bi bilketa puntu izango dira Zumaian, Ardantzabideko aterpean bata, eta Herri Eskolako frontoian bestea. 20:00ak arte jasoko dituzte elikagaiak gaur, baina bihar goizez egingo dute bilketa, 09:00etatik 13:00etara bitartean.

Zaporeak elkarteak aurreko asteburuan ekin zion "janari bilketa erraldoiari" Euskal Herriko hamaika herritan. Zumaian asteburu honetan heldu diote ekimenari, Darahli elkarteko eta Errefuxiatuen Harrera Taldeko kideen eskutik. Lesboseko Moria kanpalekuko pertsona errefuxiatuei helaraziko dizkiete bildutako elikagai guztiak.

Duela astebete eskualdeko zenbait herritan izan ziren bilketak, hain zuzen, Orion, Zarautzen, Azpeitian eta Zestoan. Antolatzaileen arabera, arrakasta handia izan zuten deialdiek, eta milaka kilo janari nahiz milaka euro jaso zituzten Moriako errefuxiatuei laguntzeko.

Argazkiak: Juan Luis Romatet