Pentsio duinak izatea baino gehiago nahi dute erretiratuek

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 2a, 15:10
2020ko otsailean egindako manifestazioko irudia.

Bi urte eta zortzi hilabete pasatu dira Gipuzkoako erretiratu eta pentsiodunak kalera ateratzen hasi zirenetik. Koronabirusak behartuta etxean egon behar izan duten denboran salbu, astelehenero-astelehenero elkartu dira herrietako plazetan pentsio duinak aldarrikatzeko. Eta ikasturte berriarekin batera, berriz heldu diete asteroko elkarretaratzeei. “Ez gaude etxean egoteko”, esan du Miren Odriozola Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformako kideak. “Inoiz baino gogo eta indar handiagoarekin” daudela ziurtatu du, “inoiz baino behar handiagoa” dagoelako. Horren erakusgarri da Urola Kosta eskualdeko 150 bat erretiratu eta pentsiodunek astelehenean Zumaian egin zuten manifestazioa.

Ez da gisa horretako egitasmo bateratu bat gauzatu duten lehendabiziko aldia, “eta ez da izango azkena”, Pello Enparan Zumaiako Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformako kidearen esanetan. “Duela pare bat urte Zarautzen egin genuen eskualdeko lehendabiziko manifestazioa, oraingoan Zumaian egin dugu, eta etorriko dira gehiago ere”. Indarrak batzea da egitasmo bateratu horien helburua, euren aldarrikapenak indar handiagoz kaleratzea, eta pixkanaka-pixkanaka lortzen ari direla uste dute Azpeitiko eta Zumaiako plataformetako ordezkariek; erretiratuen eta pentsiodunen borrokaren dimentsioa handitzen ari dela.

Izan ere, dagoeneko ez dituzte pentsio duinak bakarrik aldarrikatzen. “Soilik gureak ziren aldarrikapenekin hasi ginen, baina pandemiak agerian utzi ditu lehendik zeuden gaitzak, eta pentsio duinen aldeko borrokaz gain, guri eragiten diguten beste hainbat aldarrikapen geure egin ditugu”, azaldu du Enparanek. “Borroka oso bat baita, osotasunean landu beharrekoa”, gaineratu du Odriozolak. Kalitatezko zaintza eta osasungintza bermatuko dituen sistema publiko baten beharraz ari dira bi herrietako plataformen ordezkariak. Horiek guztiak eskatu zituzten Zumaiako mobilizazioan, eta horiek guztiak eskatuko dituzte astelehenero herriz herri egingo dituzten elkarretaratzeetan ere.

Egoitza txikiago eske

Adinekoen kolektiboa “diskriminatuta” dagoela iritzi dio azpeitiarrak, “eta pandemia garaiotan, berriz ere, zaharrak bazterrean utzi” dituztela. Koronabirusaren oldarraldirik gogorrenean jazotako gertakariak ekarri ditu gogora: “Denok ikusi dugu azken hilabeteotan egoitzetan gertatu dena: zenbat zahar hil diren, batez ere egoitza pribatuetan; langileak zer baldintzatan aritu diren lanean… Eta kutsatzerik eta heriotzarik izan ez den egoitzetan ere, hiru hilabete logelatik irten ezinik igaro dituzte egoiliarrek, horrek emozionalki eta psikologikoki dituen ondorio guztiekin”. Haren irudiko, agerian gelditu da bestelako egoitza batzuen beharra. “Egoitzek txikiagoak izan behar dute, familia girokoak, eta publikoak”.

Eta ez hori bakarrik, adinekoen zaintza ez baita egoitzetara mugatzen. “Hor badago zaharrak etxeetan zaintzeaz arduratzen den beste kolektibo bat, nagusiki emakume latinoamerikarrek osatzen dutena, eta haiek bizi duten egoera ere erabat salagarria eta gizartearen bistara atera beharrekoa” dela iritzi dio Enparanek. Zaintzaile horiek “esklabotza egoeran” jarduten dutela esan du, 24 orduko lanaldiekin, ia etxetik ateratzeko eskubiderik gabe, inolako babesik gabe eta herritartasuna lortzeko eta lan kontratu bat izateko sekulako arazoekin. Odriozolaren arabera, “garbi dago zaintza eredua goitik behera irauli beharra” dagoela.

Horrez gain, osasun sistema publiko eta indartsu baten aldeko aldarria ere beren egin dute Urola Kostako erretiratu eta pentsiodunek; halaxe erakutsi zuten duela pare bat aste ere, herrietako anbulatorioen atarietan osasun langileek egin zituzten elkarretaratzeekin bat egin zutenean. “Anbulatorioetan baliabideak falta dituzte, eta erietxeetan beste horrenbeste”, esan du Odriozolak. “Lehen arretako zentroetan hilabeteak daramatzate telefono bidezko arreta bakarrik ematen, medikuak iritsi ezinda dabiltzalako, eta erietxeetan, ZIUak beteta zeudenean eta arnasgailu nahikorik ez zegoenean, zaharrak bazterrean utzi dituzte, hiltzen”.

Batzearen garrantzia

Gauza asko aldatzeko beharra dagoela iritzi diote Urola Kostako erretiratu eta pentsiodunek, eta ezinbestekoa izango dela indarrak batzea eta borroka egitea. Alde horretatik, azkenaldian euren inguruan eta euren parte hartzearekin indarrean jarri diren beste dinamika batzuk ere badirela nabarmendu du Odriozolak. “Esate baterako, joan den larunbatean, Azpeitian, Gipuzkoako Senideak elkarteak egindako deialdi batera azaldu ginen. Egoiliarren senideez eta erretiratuez gain, egoitzetako langileak, sindikatuetako ordezkariak eta beste hainbat herritar ere azaldu ziren, eta oso interesgarria izan zen han egin genuen iritzi eta esperientzia trukatzea”.

Horrelako egitasmoak martxan jartzea ezinbesteko jo dute Enparanek zein Odriozolak, haien iritziz, pentsioen, zaintzaren eta osasungintzaren inguruko arazoak ez direlako adinekoenak bakarrik, gizarte osoarenak baizik. Horregatik, euren borrokara batzeko deia egin diete herritar guztiei.