Beste kasu positibo bat zenbatu dute Zumaian azken orduetan

Andoni Elduaien 2020ko urr. 1a, 14:16

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira 10.969 PCR proba egin zituzten atzo, eta positibo 385 lagunek eman zuten.

Azken orduetan beste kasu positibo bat baieztatu da Zumaian egindako PCR probetan. Eskualdean, bestalde, beste hemeretzi positibo detektatu ditu Osasun Sailak atzo, asteazkena, egindako PCR probetan. Azkoitiko atzeman dituzte kasu gehien. Hogei kasu positibo berri baieztatu dituzte han. Azpeitian, berriz, bost kasu berri hauteman dituzte eta bi Zarautzen. Gainerako herrietan ez dute kasu berririk zenbatu.

Azken zazpi egunetan Azkoitian atzeman ditu Osasun Sailak kasu gehien: 38. Haren ondoren, Zarautzen 28 baieztatu ditu Osaidetzak, hogei Azpeitian hogei, hamabi Orion, hamar Zestoan, bost Zumaian eta bat Getarian. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez dute kasu bakar bat ere zenbatu azken astean. Hori horrela, 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuru metatuaren tasa ere handia da Azkoitian, Gipuzkoako handienetariko bat: 316,96. Azkoitian, gainera, gaur jarri dute PCR proba egiteko gunea anbulatorio ondoan

Hego Euskal Herriko egoera
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 10.969 PCR proba egin zituzten atzo, eta 385 lagunek eman zuten positibo; proba egin zutenen %3,5ak, hain zuzen. Lurraldeen arabera, Gipuzkoan baieztatu dituzte kasu gehien aspaldiko partez: 175 kasu guztira. Bizkaian, aldiz, 138 kasu berri zenbatu dituzte eta 63 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bederatzi kasu ere atzeman ditu, ordea, Osasun Sailak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, bestalde, 245 pertsona daude ospitaleratuta; horietatik 55 daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), Osasun Sailaren arabera,”COVID-19aren ondorioz”. Atzo, gainera, beste 33 lagun ospitaleratu zituzten. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, azkenik 0,94an dago gaur. 

Nafarroan, aldiz, 223 kasu positibo berri zenbatu ditu Nafarroako Osasun Institutuak. 3.317 PCR egin zituzten atzo, eta horietatik %6,7ak eman du positibo. Horrez gain, hamabi lagun ospitaleratu zituzten Nafarroako ospitaleetan. 214 pertsona daude ospitaleratuta, 26 ZIUn.