Hondartza denboraldi zail baten balorario positiboa egin du udalak

Juan Luis Romatet 2020ko ira. 30a, 12:23

Orain bi aste, irailaren 15ean, amaitu zen aurtengo hondartza denboraldia. COVID-19ak eragindako osasun krisiak baldintzatutako sasoia izan da aurtengoa. Hala, ohikoan baino 15 egun beranduago hasi zen hondartzako garaia, pandemia ez hedatzeko neurri zorrotzekin. Denboraldia amaituta, haren balorazio positiboa egin du Zumaiako Udalak. 

Pasa berria den uda "zaila" izan dela gogoratu du udalak hondartza denboraldiaren balorazio egiteko plazaratu duen oharrean. Kostaldeko beste herriek egin bezala, segurtasun neurriak hartu behar izan dituela ere azaldu du. "Ez zen erraza izan, hasierako egunetan, eskura zeuden aukera guztien aurrean hautua egitea, egoera erabat aurreikusi ezina zelako. Bi irizpide lehenetsi ziren: sinpletasuna -betiere segurtasuna bermatuz-, eta herritarrekiko konfiantza". 

Uztaileko lehen aste haietan egoera "nahasi samarra" izan zela dio udalak. "Alde batetik, murriztaileegiak izan zitezkeen neurriak ez ziren hartu nahi (aulkiak eta eguzkitakoak debekatzea, esaterako). Bestetik, beste neurri batzuek nahi ala nahi ez hartu behar izan ziren (aforoa kontrolatzaea kasu)".

Beste instituzioen laguntzarekin –Gipuzkoako Foru Aldundiarena, kasu–, herritarrak egoerara ohitu zirela nabarmendu dute. "Gehiengo handi batek errespetatu egin ditu irizpide nagusiak: hondartzan denbora gutxiago igarotzea, distantziak eta ibilbideak errespetatzea...". Hala ere, arazoak ere izan direla onartu dute. "Itsasgoretan Itzurun askotan itxi behar izan da, eta ilarak sortu dira behin baino gehiagotan; Amaia plazako informazio panel elektronikoa berandu jarri zen, eta une askotan ez du informazio egokia eman, arazo teknikoak medio".

Guztiarekin ere, uda aurrera joan ahala eboluzio positiboa izan dela uste du Zumaiako Udal Gobernuak. "Jendea ondo egokitu da egoera berrira, gehiengo handi batek arduratsu jokatu du eta uda honetan izan dugun eguraldi paregabeaz gozatu ahal izan dute, bai herritarrek, eta baita bisitari ugarik ere".

Amaitzeko udalak zorionak eman nahi dizkie herritarrei "erakutsitako jarreragatik, eta emandako konfidantzari ezin hobeto erantzuteagatik".