Lau positibo zenbatu ditu Osakidetzak Zumaian asteburuan zehar

Julene Frantzesena 2020ko ira. 28a, 14:33

Asteburu honetan aurrekoan baino askoz ere positibo gutxiago zenbatu ditu Osakidetzak Urola Kostan. Aurreko asteburuan 90 kasu zenbatu zituen, eta 48 oraingoan. Ostiralaz geroztik, Azkoitian eta Zarautzen detektatu dituzte positibo gehien, hamabost eta hamabi, hurrenez hurren. Zestoan beste sei kasu atzeman dituzte. Zumaian lau izan dira detektatu dituzten kasuak. 

Asteburu honetan aurrekoan baino emaitza hobeak utzi dituzte Urola Kostan egindako PCR probek. Izan ere, PCR probetan 48 lagunek eman dute positibo ostiraletik igandera bitartean, eta aurreko asteburuan 90 positibo zenbatu zituzten. Azken hiru egunetan positibo gehien atzeman dituzten herria Azkoitia da: hamabost kasu detektatu ditu han Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Zarautz da zerrendan hurrengoa, hamabi kasu detektatu baitira kostako herri horretan.

Zestoa kezka iturri izan zen joan zen astean, eta egoerak hobera egin badu ere, positibo gehiago zenbatu dituzte azken egunetan. Ostirala eta atzo artean, guztira, sei kasu zenbatu ditu Osakidetzak Zestoan. Dena den, joan zen astean hartutako neurriak –ekipamendu publikoak eta tabernak itxi zituzten– bertan behera utzi dituzte dagoeneko; hain zuzen ere, ostegunetik zabalik dira lau egunez itxita izan ziren tabernak, eta gaur ireki dituzte astebetez itxita egon diren herriguneko eraikin eta zerbitzu publikoak: liburutegia eta haren azpiko aretoa, kiroldegia, Iraetako futbol zelaia, Kultur Etxea, Gaztetxea, Gaztelekua eta osasun etxe zaharra, eta zentro txikia martxan dira berriro. 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopurua kontuan hartuz gero, %495,7koa da tasa Zestoan; Gipuzkoako herri guztiak kontuan hartuta, tasa altuena duen hirugarren herria da –Leaburuk eta Orexak soilik dute Zestoan baino tasa altuagoa–.

Azpeitian ere ez du etenik positiboen atzemateak, baina azken asteetan asko apaldu da kopurua. Ostirala eta atzo artean sei kasu detektatu dituzte Azpeitian. Orion eta Zumaian, berriz, lau positibo zenbatu dituzte, eta Getarian bat.

Kasuek behera

Ostirala eta atzo artean, Osakidetzak 24.986 PCR proba gauzatu zituten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta orotara, 1.231 positibo atzeman ditu. Hau da, proba egin duten herritarren %4,9k eman du positibo asteburuan. Lurraldekako datuei erreparatuz gero, Bizkaian zenbatu dituzte positiboen erdiak baino gehiago –630–, Gipuzkoan 310 eta 258 Araban. Aldiz, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 33 lagunek ere eman dute positibo. Ostiraletik igandera zertxobait igo da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako RO indizea –birsorkuntza tasa–; izan ere, ostiralean 0,88 zen, eta atzo 0,92.

Gaur-gaurkoz, 273 lagun daude ospitaleratuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietatik 55 lagun daude ZIUn. Asteburuan, orotara, 71 lagun erietxeratu zituzten.