Xabier Kalparsororekin gertatu zena argitzeko eskatu dute haren heriotzaren 27. urteurrenean

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 27a, 10:45

Egia ezkutatzeari utzi eta Kalparsororekin gertatu zena argitzeko eskatu zuten atzo hamarnaka lagunek Magnoliopean egindako elkarretaratzean. 

Hamarnaka lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo, larunbata, Magnoliopean, Xabier Kalparsororen heriotza argitzea eskatzeko. “Oraindik ere inork ez du egindakoa aitortu, eta egia ezkutatzen ari dira”, azaldu zuten antolatzaileek. Era berean, gogorarazi nahi izan zuten Eusko Jaurlaritzaren motibazio politikoko txostenean Kalparsororen kasua gehiago ikertu beharrezkotzat jotzen dela, eta Eusko Jaurlaritzak ikertzen hasi beharko lukeela. Antolatzaileen arabera, EAJk eta orduko Herrizaingo Sailak “ardura zuzena” dute Kalparsororen kasuan: “Herri honetan egon diren biolentziez ari direnean, beti arbitro papera hartu nahi duen arren, Kalparsororen kasuan eta beste hainbat kasutan EAJ da erabili zuen biolentziari buruzko ardura hartu eta egindakoa aitortu behar duena”.

Kalparsorok hil aurretik idatzi zuen gutun batean salatu zuen Ertzaintzak Laudion atxilotu eta hainbat egunez mendian legez kanpoko galdeketak egin zizkiola, torturatu eta drogatu ondoren aske utzi eta jarraipen bidez “amu gisa” erabiltzeko. Gasteizko Hala Bedi irratiak duela bi urte kaleratutako erreportaje batean, azken aldiz atxilotu aurretik Kalparsoro etxean gorde zuten gasteiztarren testigantza jaso zuen. Testigantza horiek Kalparsorok aurrez salatu zuena baieztatzen zuten.