Herri osoan zuntz optikoko sarea ezarriko dute

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 26a, 11:15

Atzo sinatu zuten zuntz optikoa ezartzea ahalbidetuko duen akordioa Zumaiako Udalak eta Guifi.net fundazioak. Datorren astean hasiko dituzte lanak.

Zumaiak zuntz optikoan duen gabeziaz jabetuta, zerbitzu hori herri osoan ezartzea ahalbidetuko duen hitzarmena sinatu zuten atzo Zumaiako Udalak eta Guifi.net fundazioak. Iñaki Ostolaza alkateak aipatu zuenaren arabera, zuntz optiko neutroa eta kalitatezkoa izango du Zumaiak laster. Gainera, nabarmendu zuen herria bere osotasunean hartuko duela zuntz optikoaren sareak, baita operadore pribatuak heltzen ez diren lekuak ere. Era berean, sare irekia izango dela azaldu zuen alkateak, hau da, operadore txikiek ere erabiltzeko aukera izango dute, bide batez, Zumaiako ekonomiari bultzada emanaz. 

Ramon Roca Guifi.net fundazioko kidearen arabera, garrantzitsua da halako proiektuak Zumaia bezalako herrietara iristea: "Herritarrek balioan jartzen dute ekonomia zirkularra eta dibertsifikatua izatea, eta ez guztia interes ekonomiko handien gain egotea". 

Miguel Angel Irigoienek, berriz, Zumaian ezarriko duten sarearen gaineko xehetasunak eman zituen: "Duela urtebetetik edo ari gara Zumaiako Udalarekin lanean. Aurrerantzean ere hala jarraituko dugu, baita zerbitzua ematen dugunean ere, zerbitzu hori berrikusteko, konpontzeko eta hobetzeko". Dagoeneko sare hori erabiliko duten hiru operadore –bi gipuzkoar eta nafar bat– dituzte baieztatuta, baina gehiago izateko zabalik daude. Irigoienen arabera, "beharra" da Zumaiak horrelako zerbitzu bat izatea, "eta ez kapritxoa". Lanak "berehala" hasiko dituzte, datorren astean bertan, eta Paolbidea eta Alde Zaharra izango dira zerbitzua izaten lehenak –azaroaren amaierarako gune horietako lanak amaitzea aurreikusi dute–. Lanak sei fase eta 29 sektoretan egingo dituzte, eta zortzi hilabeteren buruan amaitzea espero dute.