Bertha Gaztelumendi: "Gertatutako guztia jasotzea zaila da, baina garrantzitsuena jaso nahi izan dugu"

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 24a, 09:14

'Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa' filmeko zuzendaria da Gaztelumendi, kazetaria eta ikertzailea izateaz gain. Haren hitzetan, "barne begirada batetik" kontatu nahi izan dute mugimendu antinuklearra dokumentalean. Horren inguruan aritu da Gaztelumendi BALEIKErekin.

Zer kontatzen du dokumentalak?
Oso labur esanda, Gladysen inguruan egindako dokumental bat bere hilketaren 40.urteurrenean, eta bestetik, nola izan zen mugimendu antinuklearra Euskal Herrian, Europan eta munduan. 

Hilketa ze testuingurutan kokatzen da Euskal Herrian?
1979an izan zen, ekainaren 3an, Tuteran. Ingurumenaren Nazioarteko Egunean deialdi bat egin zen mundu mailan: Harrisburgeko zentral nuklearrean istripu bat gertatu zen, eta horren aurka protesta egiteko hainbat ekintza antolatu ziren. Hemen, Euskal Herriko mugimenduak Tuteran festa bat antolatu zuen energia nuklearraren aurkako aldarrikapenerako. Beste helburu bat ere bazuen: Bardeetako tiro eremuaren aurka egitea. 

Nola planteatu duzu dokumentala?
Barne begirada bat da, hau da, gehien bat Sabin Ormazabalek bizi izan zuen mugimendua, Egiakoa zen, eta ezagutzen zuen Gladys, bere komite berean zebilelako. Gure ikuspuntua barnekoa da: nola ezagutu genuen eta nola bizi izan genuen. Ikuspuntu anitz batetik planteatu nahi izan dugu, eta 30 lagun baino gehiago elkarrizketatu ditugu. Gertatutako guztia jasotzea zaila da, baina gehiena edo garrantzitsuena jaso nahi izan dugu. Eta ez bakarrik Euskal Herrian, baizik eta Euskal Herria kokatuta munduan. Ez zen hemen sortu; erlazioa izan zuen Europako mugimenduekin eta mundukoekin. 

Norbait elkarrizketatzeko gogoarekin geratu zara?
Esparru ezberdinetako pertsonak elkarrizketatu ditugu, eta egia esan, ez.

Borroka horretatik zer heldu da gaur egunera?
Modu bat heldu da, gauzak eta protestak egiteko modu bat. Bakezaleak eta antimilitaristak ere bazeuden, eta horiek ekintza bereziak edo ezezagunak egiten zituzten, poliziaren aurrean jarri eta abar. Ezagupen hori batetik, eta bestetik, nola horrelako gai batek batu dezakeen gizarte osoa. Gizarte osoa zegoen konbokatuta horren aurka, eta manifestazioak erraldoiak ziren. Lurraren defentsa da beste ideia bat: gurea edo jendearena dena eraldatu edo kutsatu nahi izatearen aurkako jarrera. Dokumentalaren helburuetako bat da transmisioa, hori zer izan zen ezagutzeko biderik ez dute eta izan gazteek. Mugimendu horrek izan zituzten itoak edo ikas dezatela. 

Polarizazio politikorik sortu zuen mugimendu antinuklearrak?
Eztabaida sakonak egon ziren, adibidez, ea mugimenduaren etorkizunean nola ikusten zen ETAren parte hartzea. Dena zegoen pil-pilean momentu horretan Euskal Herrian, eta eztabaida asko zegoen. Gazteak ginen eta diktadura batetik atera ginen, eta etorkizuna gure aurrean zegoen. Pentsatzen genuen mundua aldatu genezakeela. Oso bizia zen dena. Garai hartan energia hitz berria zen. Gauza asko zeuden gure gizarteak ezagutzen ez zituenak. 

Nola heldu zara proiektu honetara? Zer dela eta landu duzu gai hau?
Ez dut inoiz pentsatu. Zu zarenaren eta zure inguruaren islada izango da. Gertutasun hori daukat, eta azken finean, ezagutzen duzuna kontatzen duzu. Edukira hurbiltzeko ezagupen minimo bat behar duzu, eta esperientziatik ikasi baduzu, errazago izaten da.