Astean igeriketa saio bakarra egingo dute haurrek, ahalik eta gehienek parte hartu dezaten

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 22a, 09:30

Astean bi saio egin beharrean, bakarra egingo dute aurtengoan, izena emandako haur guztiek oinarrizko gaitasunak lortzeko aukera izan dezaten. 

Garbiketa eta desinfekzio lanak indartzeaz gain, kiroldegiaren eskaintzan ere izan du eragina COVID-19ak sortutako egoerak. Udalak jakinarazi du ekintza guztietan modu zorrotzean neurtuko dutela edukiera. 200dik gora haurrek eman dute izena igeriketa ikastaroan, eta protokoloak zehaztutakoa aplikatuz, 80 pertsonak soilik hartu ahal izango lukete parte. 

Haur guztiek parte hartu dezaten, astean saio bakarra egingo dute haurrek. Hala, ostiraletan ere eskainiko dute ikastaroa, orain arte ez bezala. Parte hartzen duten pertsona guztiek oinarrizko gaitasunak lortu ahal izango dituzte horrela. 

Kiroldegiko arduradunak guraso eta tutore guztiekin harremanetan jarriko dira egunotan, ikastaroaren inguruko argibideak emateko. Gainera, azaldu dutenez, matrikularen prezioa merketuko dute.