Zumaian lau positibo zenbatu dituzte asteburuan

Andoni Elduaien 2020ko ira. 21a, 14:23

Ostiraletik igandera bitartean egindako PCR proben emaitzak gaur jakinarazi ditu Osakidetzak: lau positibo atzeman dituzte Zumaian. Eskualdeko herrietan ere gora egin du positibo kopuruak. Zarautzen, esaterako, 22 kasu zenbatu dituzte bi egun horietan.

Eskualdean 90 kasu positibo gehiago atzeman ditu Osakidetzak ostiraletik igandera bitartean egindako PCR probetan, horietatik lau, Zumaian. Eskualdean, Zarautzen atzeman dituzte kasu gehien, 22 guztira. Azkoitia da kasu gehien dituen bigarren herria hamazazpi kasurekin. Zestoan, berriz, hamasei detektatu ditu Osakidetzak, Azpeitian hamahiru, Orion hamabi eta Aian sei atzeman ditu Osakidetzak, Gainerako herrietan ez du kasurik zenbatu.

Herriz herri aztertuta, Zarautzen 22 kasu zenbatu ditu Osasun Sailak; bederatzina lagunek eman zuten positibo ostiralean eta larunbatean egindako PCR probetan, eta lauk atzo, igandea. Azkoitian hamazazpi kasu detektatu dituzte: bost ostiralean, hamar larunbatean eta bi atzo. Zestoan, bestalde, hamasei kasu hauteman dituzte azken hiru egunetan; zazpi ostiralean, zortzi larunbatean eta bat atzo. Azpeitian, ostera, hamahiru kasu zenbatu ditu Osakidetzak: hiru ostiralean, lau larunbatean eta sei atzo. Orion ere hamabi kasu agertu dira azken 72 orduetan, lau ostiralean, zazpi larunbatean eta bat atzo. Aian, aldiz, sei kasu zenbatu zituzten ostiralean eta Zumaian lau, bat larunbatean eta hiru atzo.

Hego Euskal Herriko egoera
Osakidetzak atzo 7.316 PCR proba egin zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan; azken hiru egunetako kopuru txikiena da hori, ostiralean eta larunbatean 9.949 eta 9.360 proba egin baitzituzten. Atzo egindako PCR probetan, 387 positibo hauteman zituen Osasun Sailak, hau da, PCR proba egin zutenen %5,3ak eman du positibo. Lurraldeka, 163 kasu agertu dira Bizkaian, 142 Gipuzkoan eta 73 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren bederatzi lagunek ere eman dute positibo, ordea, PCR proban.

Atzo, igandea, 22 lagun ospitaleratu zituzten, eta horrela, egun 303 pertsona daude ospitaleratuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, horietatik 57 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). R0 indizeak ere gora egin du azken egunetan, eta gaur gaurkoz 0,95ean dago. 

Nafarroan, bestalde, 2.514 PCR proba egin zituzten atzo, eta 364 kasu positibo (%14,14) hauteman zituen Nafarroako Osasun Sailak. Kopuru hori egun bakar batean orain arte atzemandako kasu positibo kopururik handiena da, gainera. Gaur gaurkoz 207 lagun daude Nafarroan ospitaleratuta, horietatik 25 ZIUn.