634 positibo zenbatu dituzte azken orduetan Hego Euskal Herrian

Araban 68 kasu positibo baieztatu zituzten atzo, Bizkaian 227, Gipuzkoan 149 eta Nafarroan 187.

Azken orduetan, Hego Euskal Herrian behera egin dute SARS-CoV-2 birusa atzemateko PCR probetan positibo eman dutenak. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaur emandako datuen arabera, guztira 634 kasu positibo zenbatu dituzte azken orduetan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 9.357 PCR proba egin zituzten atzo, herenegun baino 557 gutxiago, eta 447 pertsonek eman dute positibo, aurreko egunean baino 151 gutxiagok. Lurraldeka, Araban 68 kasu positibo baieztatu zituzten atzo, Bizkaian 227 eta Gipuzkoan 149; horiez gain, hiru lurraldeotatik kanpo bizi diren hiru lagunek ere positibo eman zuten. Atzo beste 25 lagun ospitaleratu behar izan zituzten COVID-19 gaitzak jota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 359 lagun daude gaitz hori dela-eta ospitaleetan, eta horietatik 53 Zaintza Intentsiboen Unitatean (ZIU) daude egun.

Udalerrietako datuak eta R0 indizearena ez ditu ematen asteburuetan jaurlaritzaren Osasun Sailak. Bihar, astelehena, eguneratuko ditu horiek.

Nafarroan, bi pertsona hil dira COVID-19ak jota azken 24 orduetan, Osasunbideak gaur jakinarazi duenez; datuak zenbatzen hasi zirenetik, 557 hildako eragin ditu gaitzak Nafarroan. 2.319 PCR proba egin dituzte, bezperan baino 514 gutxiago, eta 187 kasu positibo berri zenbatu dituzte, bezperan baino 147 gehiago; beraz, egindako probetatik %8,06k eman dute positibo. Azken orduetan hamar lagun ospitaleratu dituzte Nafarroako erietxeetan koronabirusa dela-eta, baina ZIUn 27 pertsona daude gaur egun.