Berotze ariketa

Baleike 2020ko ira. 20a, 13:03

Jon Maia kulturgile zumaiarrak honako iritzia argitaratu du gaurko Berria-n. (...) Noizbait euskal lurraldeetan bizi den biztanle oro euskaraz bizi ahal izan dadin zer gertatu beharra dago? Zein da bidea? Nola egin eraldaketa hori onarpen zabal batekin, eraginkortasunez eta gehiengo zabal eta askotariko baten gogo onez? (...)

Barakaldoko Llano auzora joan nintzen hitzaldi bat ematera, erdalgune askotara joan ohi naizen modura. Euskal Herria B esan izan diet halako guneei. Ez niretzat bigarren mailakoak direlako, erakusten ez den beste Euskal Herri hori direlako baizik. Ez dira flyschak, ez dira mendi gailur eta itsas bazter bukolikoak, eta, batez ere, ez dira euskalduntasunaren kanonak eta paradigmak ezartzen dituzten lekuak. Baina Zumaia, Leitza edo Ondarroa bezain euskal herri dira. Eta hango haurrak eta euskal jendeak edonongoak bezain euskal jende dira. Esan gabe nahi zuen joan, baina esan beharra sentitu dut.

Hirietako periferiak, etorkinen kokaleku, Francoren garaian eraikitako erdal ghettoak, inolako estrategia sozial, linguistiko eta integratzailerik gabeko bizileku pilaketak. Euskalduntasunetik, euskaratik, euskal programazioetatik, iruditegitik, sentimenduetatik eta abangoardiatik kanpo dauden guneak. Ehunka mila euskal herritarren bizileku.

Hego Euskal Herriko hirigune gehienetan ezagutuko ditugu halakoak: Gasteizko auzoetan, Iruñerrian, Donostia inguruetan. Euskal herrietan ere ugariak dira honelako auzoak. Gune hauetan, garai bateko etorkinei oraingoak gehitu behar zaizkie. Eta, horiez gain, gure iraganetik datorren euskararen galera historikoa jasandako biztanlegoa pilatzen da ingurune horietan, tartean frankismoaren biktima linguistiko zenbaezinak. Horiek edonon bizi dira, auzo berri zein zaharretan, herri txiki zein handietan, aberats zein txiro, ukazio estruktural eta sistematikoagatik eta ezabaketa estrategikoagatik euskarara iritsi ez diren edo euskara galdu duten Gernika kulturalaren osteko euskal herritarrak.

Barakaldoko Llanon 5.000 biztanle inguru bizi dira. Eta iritsi nintzenean auzoa deskribatu zidanak datu bezala bota zidan auzo osoan ez dagoela kutxa automatiko bakar bat ere. Auzotarren %80 etorkinak izanik ere, D ereduko eskola publikoa ezartzea eta irautea lortu dute.

Jarraitu irakurtzen.