Abisu horia ezarri dute ostiral eta larunbat honetarako marea biziengatik

Dorleta Agiriano Lai 2020ko ira. 17a, 18:36

Aurreikuspenen arabera, bihar arratsaldean eta larunbatean izango dira marea bizienak. Bihar 18:08etan izango da itsasgora, eta hurrengo egunean, 06:31n eta 18:49an.

Abisu horia ezarri dute biharko eta larunbaterako, marea biziengatik. Bihar 18:08etan izango da itsasgora, eta beraz, 17:00etan aktibatuko dute abisu horia, 19:00ak arte. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, 5,05 metroko koefizientea izatera iritsiko dira mareak..

Larunbatean, aldiz, 06:31n izango da itsasgora. Ohartarazi dutenez, ordu horretan 4,87 metro ingurukoa izango da koefizientea. 05:00etatik 08:00etara egongo da indarrean abisu horia. Arratsaldean berriz aktibatuko dute, 18:00etatik 20:00etara. Hain zuzen, 18:49an izango da eguneko bigarren itsasgora, 5,02 metro inguruko koefizientearekin.