Amaitu da aparkamenduen erregulazio sistemaren udako aldia

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 16a, 15:15

Aurreko urteetan bezala, erregulatuta jarraituko dute gune batzuk. Hala ere, Udalak jakinarazi du urtea amaitu aurretik aparkamenduen erregulazio sistema birpentsatzeari ekin eta konfinamenduagatik atzeratutako parte hartze prozesua berrartuko duela.

Amaitu da uda aldiko aparkamenduen erregulazioa, eta gaurtik aurrera, ez dira indarrean egongo herriko egoiliar guneak eta errotazio altu zein TAO eremuak. Hala eta guztiz, iaz bezala, salbuespenak izango dira, eta honenbestez, urte osoan zehar erregulatuta jarraituko dute gune batzuk.

Zumaiako Udalak jakinarazi du urtea amaitu aurretik aparkamenduen erregulazio sistema birpentsatzeari ekingo diola. Enpresa kudeatzailearekin balorazioa egin eta gaia udal batzordeetan eta mahai teknikoan landu ondoren, parte hartze saio irekiak antolatuko dituzte TAO sistema lantzeko. Herritarrentzat ahalik eta "erosoena eta sinpleena" izatea da asmoa, TAO sistemaren hutsuneak identifikatu ondoren. 

Aurten ohi baino beranduago –uztailaren 1ean– sartu da indarrean uda aldiko TAO sistema, COVID-19ak epeetan eragindako atzerapenak direla eta. Gainera, udan zehar hainbat arazo tekniko izan direla jakinarazi du Udalak. Martxoan konfinamenduagatik eten egin zen aparkamendu sistemaren hausnarketa prozesua, eta Udalaren arabera, aurten indarrean sartu behar ziren zenbait hobekuntza ezin izan dituzte indarrean jarri. Horiek datorren urtetik aurrera aplikatuko dituzte, parte hartze prozesuan herritarrak ados badaude.

Aparkalekuen erregulazio sistemaren arauak, gaurtik aurrera:

Egoiliarren eremuak:

  • Ardantzabide kalea urte osoan zehar egoiliarrentzat gordeta egongo da. Horietan Ardantzabide kalean aparkatzeko baimena duten egoiliarrek aparkatu ahal izango dute.

  • Gainontzeko eremuetan egoiliarren sistema ez da aplikatuko urtean zehar.

Errotazio altuko eremuak:

  • A eremua: Urte osoan zehar indarrean. Ordu muga, orain arte bezala, 90 minutukoa izango da. Ibilgailua Zumaian erroldatuta dutenentzat bertan aparkatzeak doakoa izango da. Gainerako ibilgailuek doan izango dituzte lehen 30 minutuak. Edozein kasutan, ezinbestekoa izango da orain arte bezala tiketa makinan inprimatzea.

A1 azpi-eremua: Txomin Agirre Kaia

Astelehenetik ostiralera 8:00etatik 20:00etara

Larunbatetan 8:00etatik 13:00etara

A2 azpi-eremua: Amaiako Plaza

Astelehenetik ostiralera 8:00etatik 20:00etara

Larunbatetan 8:00etatik 13:00etara

A3 azpi-eremua: Anbulatorioa

Astelehenetik ostiralera 8:00etatik 17:00etara

  • C eremua: Udaletxe pareko gunea. Urte osoan zehar indarrean. Ordu muga, orain arte bezala, 30 minutukoa izango da.

Astelehenetik ostiralera 8:00etatik 15:00etara

Larunbatetan 8:00etatik 12:30era

  • Gainontzeko eremuetan (B1: Zubitxikitik Moilaberriko zubira; B2: Alai, Eroski aurreko gunea) errotazio handiko eremuen arauak ez dira aplikatuko urte osoan zehar.