Zumaian jasotako materialez betetako 37 maleta bidaliko ditu Darahlik kanpalekuetara

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 16a, 11:48

Larunbatean egingo dute maleta horiek betetzeko auzolan saioa, Odietan. Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetara urriaren amaieran abiatuko den karabana solidarioan bidaliko dituzte.

Oporrak Bakean programari esker, Saharako ehunka haur Euskal Herrira etortzen da uda igarotzera urtero-urtero. Aurtengoan proiektu hori hankaz gora jarri du COVID-19ak, baina Euskal Herriko Sahararen aldeko elkarteek arropaz, janariz, eskola materialez, sendagaiz, maskaraz eta gel hidroalkoholikoz betetako 300 maleta bidaliko dizkiete haur sahararrei. Zumaian jasotako materialarekin 37 maleta beteko ditu Darahli elkarteak hilaren 19an, larunbata, 10:00etan Odietan.

Maletak bete ondoren, 12:00ak aldera, photocall solidarioa egingo dute, eta bertan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Elkartasun argazki guztiekin collage bat egingo dute, maletekin batera kanpalekuetara bidaltzeko. Urriaren amaieran abiatuko da elkartasun karabana Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetara.