Hazilan programari buruzko informazio saioa egingo dute ostegunean

Amaia Urbieta 2020ko ira. 11a, 16:20

Irailaren 28an hasiko da Hazilan programaren edizio berria, eta parte hartzaile berrientzat informazio saioa antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak. 

Hazilan programak hamargarren aldiz ekingo dio edizio berriari irailaren 28an. Urtero bina edizio egin dituzte eta, Urola Kostako Udal Elkarteak jakitera eman duenez, ia 150 lagunek hartu dute parte bost urteetan. Uztailetik zabalik dago Hazilan programan izena emateko epea, eta oraindik ere badira plaza libre batzuk. Interesa dutenentzat proiektuaren inguruko informazio saioa egingo dute irailaren 17an, 11:00etan. Online izango da saioa, GoToMeeting plataformaren bidez. Parte hartzeko aurrez izena eman beharko da UKUEren webgunean eskuragarri dagoen galdetegia beteta. Ondoren, saiora sartzeko lotura jasoko dute izena eman dutenek beren posta elektronikoan. 

UKUEk prentsa ohar bidez zehaztu duenez, goi mailako ikasketak dituzten eta 20 eta 44 urte arteko pertsonei bideratutako programa da Hazilan. Eskualdekoek parte hartzeko lehentasuna izango dute. Programak hiru atal nagusi izango ditu: AKTIBATU, PRESTATU eta KOKATU faseak. Azken horretan praktikaldia egingo dute parte hartzaileek esleitutako enpresa batean. Xehetasun gehiago eskuragarri daude UKUEren webgunean. 

Argibideak eta izen ematea

Hazilan programaren edizio berrian parte hartu nahi duenak Udal Elkartearen web orrian dauka izena emateko aukera. Tramitazio elektronikoa egin ezin dutenek udal elkarteak Zarauzko Abendaño auzoan duen egoitzara bertaratu beharko dute. Argibide gehiagorako, 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu daiteke.