Dantza eta bertsoak batzen dituen ikuskizuna emango da ostiralean Aita Marin

Juan Luis Romatet 2020ko ira. 9a, 16:00

Dantza eta bertsoak bat egiten duten Errimak bi oinetan ikuskizuna ekarriko du Haatik dantza taldeak ostiralean Zumaiara. 20:00etan izango da emanaldia, Aita Mari zinean, eta sarrerak salgai daude turismo bulegoan, 3 euroan. 

Aiert Beobidek eta Unai Elizasuk zuzentzen duen ikuskizun honek dantza berriekin janzten ditu jarritako bertsoak. "Bertso ariketa eta jokoak dantzara eramatea da emanaldi honen berezitasuna edo ezberdintasuna. Eta bertso sorta zahar eta berriei mugimendua emanez, gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzea", diote lanaren sortzaileek. 

Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi, Odei Barroso eta bertsolari gehiagoren errimekin egingo dute dantza bost dantzarik. Igelaren bandak jarri die soinua bertsoei, eta Thierry Biscary, Maddalen Arzallus eta beste hainbatek jarri diote ahotsa, bertsoa entzun, dantza ikusi eta emanaldia bizitu araziz.