Zuloaga, Zumaia eta memorian galdutako harreman estua

Juan Luis Romatet 2020ko ira. 6a, 17:58

Ignacio Zuloagak eta Zumaiak harreman estua izan bazuten ere, haren memoria herrian lausotua dagoela uste du Ismael Manterola arte historialariak. Artista honen inguruan izandako gaizkiulertuek memoria horren desagertzean zer ikusia izan dutela dio historialariak. Memoria hori berreskuratzeko asmoarekin antolatu dute Zuloaga eta Zumaia erakusketa, Oxforden.

Oxford aretoan egindako ekitaldi itxi batean aurkeztu zuten urriaren 4ra arte ikusgai izango den Zuloaga eta Zumaia erakusketa. Informazio panelez, argazkiez, dokumentuez eta Santiagotxetik ekarritako artelan batzuez osatzen da artista eibartarraren jaiotzaren 150. urteurrenaren harira antolatutako erakusketa hau. 

Pandemiak sortutako egoera aldrebes honetan halako erakusketa bat martxan jartzeko kemena izatea txalotu zuen Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, eta eskerrak luzatu zizkien Ismael Manterola arte historialari zumaiarrari, eta Zuloaga Fundazioari. Zumaiako eta Eibarko udaletako ordezkariak, margolariaren oinordekoak, eta erakusketa hau muntatzen lagundu duten talde eta erakundeetako kideak izan ziren Maria Zubimendi akordeoi-jotzaile zumaiarraren musikak girotu zuen aurkezpen ekitaldian. 

Ignacio Suarez-Zuloaga artistaren birbilobak eskertu egin zuen erakusketa hau antolatu izana. Buru duen fundazioa artea herri txikietara eramateko lanetan dagoela azaldu zuen, eta Zumaian zabaldutako erakusketa hau lehen pauso bezala ikusi zuen. "Hemen Zumaian eman duzue lehen pausoa, eta oso pozik gaude horrekin", azaldu zuen. Eibar eta Zumaia arteko zubilana egiten ari direla ere gaineratu zuen Suarez-Zuloagak. 

Erakusketa honen antolakuntza gidatu du Ismael Manterolak arte historialari zumaiarrak. Aurretik egindako ikerketa lanaren emaitza bezala jo zuen "baliabide gutxirekin egindako erakusketa" hau. Aurrez alkateak azaldu zuen bezala, haren artelanetan zentratu baino, 1870. urtean hiri armaginean jaio zen Zuloagak Zumaiarekin izandako harremanean zentratzen da erakusketa. 

Bost atal

Bost ataletan banatu du Manterolak erakusketa. Zuloagak Santiago inguruan eraiki zuen Santiagotxea eraikinaren inguruan doa lehen atala. Manterolaren esanetan, "herria moldatu zuen etxe hark", eta horretarako Zuloagak arkitektu lanak ere egin zituela nabarmendu zuen.

Zuloagak 1910. urtean erosi zuen hondartza zatia, eta 1912. urtean hasi zituen etxea egiteko lanak. "Kapera bat ere bazegoen, eta behin desamortizatu ondoren, museo bat sortu nahi izan zuen bertan. 1921. zabaldu zuen museo hori, eta Espainiakoa lehen museo pribatua izan zen". Etxe horretan izandako "bizitza kulturala" ere jaso nahi izan dute lehen atal honetan. "Pentsalariak egon ziren etxe horrekin, musikariak, baina baita bertan lan egin zuten herritarrak ere. Herritar askok egin zuen lan etxe horretan".

Artistak margotu zuen koadro bat ere ikus daiteke atal honetan. "Zumaia margotzen duen koadro bakarra da", azaldu zuen historialariak.

Margolariak herriko bizitzan izandako eragina lantzen du erakusketako bigarren atalak. "Zuloagak herriko bizitzan parte hartzen zuen. Zumaiara bizitzera etorri zenean herriko artistekin harremanetan jarri zen". Julio Beobiderekin izandako adiskidetasuna, edo Narcis Balenciaga artista arroarrarekin izandako harremana kontatu zuen Manterolak. Udalarentzak arte aholkulari lanak ere egin zituela ere kontatu zuen historialariak.

Ongintza edo benefizientzia du hizpide erakusketaren hirugarren atalak. "Kapitulu handia eta garrantzitsua da hau herriko historian", adierazi zuen Manterolak. Zuloagak gai honetan interes handia erakutsi zuela azaldu zuen Manterolak. "Adibidez, diru bilketa jarri zuen abian Bilboko Arte Ederren museoan erakutsiko zen bere koadro bat erosteko. Diru hori Zumaiako, Eibarko eta Segoviako behartsuen artean banatu zuen gero".

Ospitalea –gaur egungo San Juan Egoitza– da Zuloagaren interes horren beste aztarna bat. "Zuloagak eta bere lagun batzuek diru bilketa egin zuen zaharrentzako ospitale hori egiteko". Hiru ekitaldi handi antolatu zituela gogoratu zuen Manterolak. "1919an kantaldi handi bat antolatu zuen, eta garai hartako abeslari garrantzitsuenetakoak etorri ziren Zumaiara. 1924an zezenketa ezaguna antolatu zuen, eta orduko torero ospetsuak etorri ziren: Juan Belmonte eta Sanchez Mejias. Zezenketa hau mundu mailan egin zen ezaguna, zezenak Belmonte harrapatu zuelako". 1925ean, aldiz, gaur egunera arte heldu den Galako berbena antolatu zuen lehenbizikoz.

Omenaldiak eta 'Zuloaga arazoa' jasotzen dituzte laugarren eta bosgarren atalek. "Zuloaga Errepublikaren defendatzailea zen, eta horregatik arazoak izan zituen Gerra ondoren orduko agintariekin. Militar batek salbatu eta 'bideratu' zuela esan daiteke. Pertsona 'oso txarra' izatetik 'oso ona' izatera pasa zen, eta, eskertuta, Francoren alde egotera pasa den".

Erakusketa urriaren 4ra arte izango da zabalik, egunero, 18:30etik 20:30era. Asteburuetan ere zabalduko dute eguerditan, 12:30etik 14:00etara.