Arritokietako ermita zabalik izango da, elizkizunak parrokian egingo badira ere

Juan Luis Romatet 2020ko ira. 6a, 10:00

Arritokietako Ama Birjinaren eguna ospatzen da asteartean, hilaren 8an. Bezperan, astelehenean, Antonio Trueba konpositoreak sortutako Salve Regina abestuko dute bederatziurrenaren amaieran. 

Ohikoan Arritokietako ermitan bertan egiten diren elizkizun hauek parrokiara mugitu dituzte pandemiak behartutako segurtasun neurriak mantentzeko. Irailaren 7ko meza 19:00etan izango da, eta hilaren 8an elizkizun bakarra izango da –hasiera batean bi elizkizun aurreikusi ziren–, goizeko 11:00etan.

Meza hauek parrokian egingo badira ere, Arritokietako ermita zabalik izango da aipatu egunetan. Fededunek izango dute ermitara igotzea astelehenean zein asteartean.

Parrokiara eramango ez duten Ama Birjinaren irudia da. Elizkizunak parrokian egingo direla eta, irudia parrokiara eramateko asmoa erakutsi zuten. Irudia XVI. mendekoa da, eta adituek ez mugitzea gomendatu dute. Beraz, ermitan jarraituko du irudiak egun hauetan.