Zuloagaren eta Zumaiaren arteko harremana erakusketa bihurtuta

Juan Luis Romatet 2020ko ira. 4a, 10:29
Zuloaga familiartekoez inguratuta. Argazkia: Zumaiako Fototeka

Bost gai lantzen ditu Ismael Manterola arte historialariak gidatu duen erakusketak. Bi hitzaldi ere izango dira hilabete honetan. Irail osoan izango da erakusketa zabalik.

Eibartarra jaiotzez, harreman estua izan zuen Ignacio Zuloaga artistak Zumaiarekin. Margolariaren eta herriaren arteko harreman hori du hizpide bihar Alondegiko Oxford aretoan zabalduko den Zuloaga eta Zumaia erakusketak. Erakusketak igandean zabalduko ditu ateak, eta urriaren 4ra arte izango da ikusgai.

Zuloaga jaio zela 150 urte betetzen dira aurten, eta horren harira antolatu dute erakusketa. Hiri armaginean jaio zen, baina gaztetatik Madrilen, Sevillan, Parisen edo Segovian bizi izan zen, baita Zumaian ere.

Ismael Manterola arte historialari zumaiarrak gidatu du erakusketaren antolaketa, Zuloagak Zumaian izan zuen bizitzan arreta jarrita. Zumaiako Udalak Zuloaga Fundazioaren lankidetzarekin antolatu du bihar irekiko den erakusketa. Euskal Filmategia, Distira Argazki Elkartea, Photomuseum eta San Telmo museoaren laguntza ere izan dute antolatzaileek, baita hainbat norbanakorena ere.

Informazio-panelak dira erakusketaren zutabe, eta horietan bost gai aztertu ditu Manterolak: Santiagoetxea, Zuloagak Zumaiako bizitzan izan zuen eragina, Zuloagaren ongintza edo karitate ekintzak, Zumaiak Zuloagari egindako omenaldiak eta Zuloaga arazoa izenekoa. Panel horiez gain, Santiagoetxeko bost artelan ikusteko aukera ere izango da. Gainera, Zuloaga Fundazioaren artxiboko eta Kutxatekako eta Zumaiako Udal Fototekako argazkiak bildu dituzte, baita hainbat artxibotako dokumentuak ere.

Hitzaldiak

Erakusketaren baitan bi hitzaldi eskainiko ditu Zuloaga Fundazioak. Irailaren 10ean, ostegunean, La “bandera de los Zuloaga”. Valores humanos de una saga de artistas guipuzcoanos hitzaldia emango dute; irailaren 28an, astelehenean, Santiago etxea. Vicisitudes de un proyecto temerario. Bi hitzaldiak 19:00etan izango dira, Oxford aretoan.

Hitzaldietan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez gonbidapena hartzea 943-86 10 56 telefono zenbakira deituta edo alondegia@zumaia.eus helbidera idatzita; pertsonako bi gonbidapen eskatu ahal izango dira gehienez.

Lehen hitzaldirako izen-ematea irailaren 8an zabalduko da (9:30etik 14:00etara bitartean); bigarren hitzaldirako izenak aldiz, irailaren 24an eman ahal izango dira, (9:30etik 14:00etara bitartean).

Erakusketa ikusgai egongo da irailaren 6tik urriaren 5era, egunero 18:30etik 20:30era. Asteburuetan goizeko ordutegian ere bisitatu ahal izango da erakusketa, 12:30etik 14:00etara.