Darahlik bilketa solidarioa egingo du ostiralean eta larunbatean

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 2a, 10:17

Aurten Aljeriako errefuxiatuen kanpamenduetan geratu dira uda hemen igarotzekoak ziren 35 haur. Horietako bakoitzarentzako janariz, arropaz, sendagaiz eta eskola materialez osatutako poltsa bat bidaliko du Darahlik horretarako propio sortutako karabana solidarioan.

Zumaian eta inguruko herrietan uda igaro behar zuten 35 haur saharar Aljeriako errefuxiatuen kanpamenduetan geratu dira aurten, COVID-19aren krisiaren ondorioz. Darahli elkarteak bilketa solidarioa antolatu du janariz, arropaz, eskola materialez, sendagaiz, maskaraz eta gel hidroalkoholikoz betetako 28 kiloko poltsa bidaltzeko haur horietako bakoitzari. Bilketa ostiralean egingo dute, hilak 4, 18:00etatik 20:00etara eta larunbatean, hilak 5, 10:00etatik 14:00etara, Odieta pilotalekuan. 

Ondoko produktuak bilduko dituzte bertan: neguko arropa –10 eta 16 urte bitarteko haurrentzat txamarrak, sudaderak, zapatilak, kamisetak, txandalak...–, prebentziorako osasun materiala –maskarak, gel hidroalkoholikoa, eskularruak–, paracetamol eta eskola materiala –koadernoak, arkatzak, margoak–. Horrez gain, Oporrak Bakean programaren erakusketa eta informazio mahaia ere jarriko dituzte Odietan.