Pala eta esku pilota txapelketa herrikoiak hastear dira

Juan Luis Romatet 2020ko ira. 2a, 09:12

Gaur jokatuko dira Zumaiako pala txapelketa herrikoiko lehen partidak, Odieta pilotalekuan; esku pilota txapelketa, berriz, ostiralean hasiko da, Odietan baita ere. 

Bi txapelketa hauek udaberrian jokatu izan dira, San Pedro jaien bueltan amaitzeko. Aurten, pandemiagatik, ezin izan dira esperotako datetan jokatu, baina Zumaiako Pilota Elkarteak uda amaierara mugitzeko apustua egin du. Horrek izan du eragina uda partean jokatzen den beste txapelketa batean: aurten ez da Itzurungo pilota txapelketarik jokatu, esku pilota txapelketari tartea egiteko. 

Aldaketa gehiago ere izan dira. Palako txapelketari dagokionez, aurreko urteetan banaka jokatu da txapelketa hau; aurten, ordea, bikoteka jokatuko da. Hamalau bikotek eman dute izena palako txapelketan aritzeko, bi multzotan banatuta; esku pilota txapelketan, berriz, zazpi bikote lehiatuko dira, denak denen aurka.

Pala txapelketa gaur bertan hasiko da, Odietan. Oraingoz lehen jardunaldietako partidak erabaki dituzte. Hala, gaur, 19:00etatik aurrera, partida hauek jokatuko dira:

  • 19:00etan, Salegi-Aizpurua vs Lori-Txoni (epaile: Martinez-Justa).
  • 19:45ean, Martinez-Justa vs. Zuazobide-Carballo (epaile: Lori-Txoni).

Ostegunean partida bakarra jokatu dute:

  • 19:00etan, Jurgi-Erreka vs. Ulazia-Ruiz (epaile: Calderon-Larrañaga).

Larunbatean, berriz, bi partida jokatuko dituzte:

  • 10:00etan, Calderon-Larrañaga vs Gorostola-Alkorta (epaile: Larrañaga-Izarra).
  • 11:00etan, Larrañaga-Izarra vs Paxa-Cabaleiro (epaile: Gorostola-Alkorta).

Esku pilota txapelketa

Zazpi dira esku pilota txapelketa herrikoia jokatzeko izena eman duten bikoteak. Printzipioz, ostiral arratsaldetan jokatuko dituzte partidak, Odietan. Lehen jardunaldia ostiral honetan bertan izango dute, irailaren 4an, hiru norgehiagoka hauekin:

  • 18:00etan, Aritz Salegi-Arkaitz Astigarraga vs Eneko Urbieta-Unai Beristain.
  • 18:30ean, Iñigo Tumas-Eneko Izagirre vs Alex Uranga-Kimetz Etxabe.
  • 19:00etan, Josu Salegi-Aitor Aizpurua vs Ander Odriozola-Joseba Martija.

Roman Juaristi eta Joseba Eizmendi ariko dira epaile lanetan.