Gizonei zuzendutako desjabekuntza ikastaroa antolatu du Udalak

Maria Maya Manterola 2020ko ira. 1a, 12:45

Irailaren 14tik urriaren 5era bitarte eskainiko da, astelehenetan. Izena emateko epea zabalik da dagoeneko.

Gizonei zuzendutako desjabekuntza tailerra izango da irailaren 14an hasi eta urriaren 5era bitarte, astelehenero, Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailak antolatuta. Hiruki Larroxa kolektiboko Ibai Fresnedok gidatuko ditu bi orduko lau saioak, eta, Fresnedoren hitzetan, “intersekzionalitatean oinarrituz, gizonon jarrera, ekiteak, eta bizipenak eta bizitzak tratu onetan oinarritutako bizitza parekide, justu eta bizigarrien norabidean jartzea” izango da tailerraren xedea. 
 
Lehen saioan, zapalkuntza anizkoitzen jatorrietan eta zergatietan jarriko dute arreta parte hartzaileek; bigarrenean, generoaren eraikuntzan, berreraikuntzan eta deseraikuntzan; hirugarrenean, maskulinitate hegemonikotik maskulinitate posible eta justuetarako bidearen inguruan egingo dute gogoeta; eta, azkenik, harremanak tratu onetik eta konpromisotik nola eraiki aztertuko dute. Tailerrean parte hartzeko, nahikoa izango da berdintasuna@zumaia.eus helbidera idatzi edo 943-86 50 25 zenbakira deitzea irailaren 10a baino lehen.