Grand Slama irabazi dute Olharanek eta Lopezek

Gorka Zabaleta 2020ko abu. 28a, 09:52
Grand Slameko podiuma.

15-9, 11-15 eta 5-0 irabazi diote Tambourindeguy-Aldazabal bikoteari Grand Slameko finalean.

Donibane Lohizunen udan zehar jokatzen diren lau Mastersetako pilotari onenek lortzen dute Grand Slama jokatzeko eskubidea. Aurtengo final handia, Jean Olharanek, Imanol Lopezek, Jon Tambourindeguyk eta Ibon Aldazabalek jokatu zuten atzo gauean, Donibane Lohizuneko frontoian, harmailak beteta. Udako partidarik handiena ikusteko irrikaz zeuden pilotazaleak.

Olharan eta Lopez ziren faborito, eta hala ekin zioten partidari, 4-1 aurreratuz markagailuan. Baina partida oso bestelakoa izan zen handik aurrera. Urdinek neurria hartu zioten norgehiagokari eta segituan berdindu zuten markagailua launa. Atzeko koadroetan lehia estua izan zuten Lopezek eta Aldazabalek, jokoan nor nagusituko.

Bederatzigarren tantora berdinduta iritsi ziren, baina hor gertatu zen partidako lehen hausdura. Urdinak huts egiten hasi ziren, eta Olharanek eta Lopezek tanto guztiak erreskadan egin zituzten seta amaitu arte. 8-9 galtzetik 15-9 irabaztera. 

Pilotazale asko bildu ziren Donibane Lohizuneko pilotalekuan finalaz gozatzeko.

Bigarren seteko lehen hiru tantoak ere gorrientzat izan ziren. Hala ere, sakea berreskuratu bezain pronto, pilota biziagoa atera zuten urdinek, eta orduan lortu zuten partida orekatzea eta setean nagusitzea. 11-15, eta txapela bost tantora erabaki behar.

Lopezek otar berria atera zuen azken seterako, pilota biziagoekin, bere eskuinkada bortitza gehiagotan sartu ahal izateko. Tamalez, Aldazabal besoko minez iritsi zen azken txanpara eta ezin izan zuen partida behar bezala amaitu. Pilotak eraman baino ezin zuen egin eta, egoera horretan, Olharanek eta Lopezek ez zuten hutsik egin eta 5-0 irabazi zuten azken seta. Beste txapel handi bat Imanol Lopezen palmaresean.