Aurten Urrezko Eskularrurik gabe gelditu da Goikoetxea

Gorka Zabaleta 2020ko abu. 27a, 10:51
Finaleko protagonistak podiumean.

Goikoetxeak eta Irastorzak 12-15 eta 10-15 galdu dute Urrezko Eskularrua txapelketako finala Erkiagaren eta Minvielleren aurka. Gaur Grand Slameko finala jokatuko du Lopezek.

Erkiaga eta Minvielle gehiago izan ziren atzo Miarritzeko frontoian. Goikoetxea eta Irastorza azken hogei urteetako pilotari handienetakoak diren arren, aurkariek joko sasoi hobea erakutsi zuten eta nagusi izan ziren partida hasieratik amaierara.

Goikoetxeak eta Irastorzak pilota biziarekin min handia egin dezaketela jakitun, pilota motela baliatu zuten Erkiagak eta Minviellek tantoak luzatu eta arriskuak ekiditeko. Goikoetxeak eta Irastorzak izan zuten aukera, tarteka, tanto ederrak egiteko, baina inoiz ez zuten partida kontrolpean izan. Bigarren setean, gainera, partida luze egin zitzaion Irastorzari. Aldakako ebakuntza egin zioten udaberrian eta sasoi falta nabaritu du aurtengo udan. 

Partida amaieran agur hunkigarria eskaini zioten zaleek Irastorzari, atzokoa izan baitaiteke bere azken partida.

Gaur Lopezen txanda

Imanol Lopezek Grand Slameko finala jokatuko du gaur Donibane Lohizunen (21:00). Olharan izango du bikotekide aurrealdean, eta Tambourindeguy eta Aldazabal aurkari.