Asteburuan ez dute koronabirus kasu berririk atzeman Zumaian

Anartz Izagirre 2020ko abu. 24a, 13:32

Urola Kostari dagokionez, 29 kasu agertu dira asteburuan, gehienak Azpeitin eta Zarautzen, zortzina kasurekin.

Asteburuetan ez ditu herriz herriko datuak ematen Osasun Sailak, baina gaur argitaratu ditu joan berri denekoak. Azken orduetan Aian, Azpeitian eta Zarautzen kasu berri bana hauteman dute, baina ostiraletik atzora bitartean kasu gehiago egon dira herri horietan eta eskualdeko beste batzuetan: Azpeitian eta Zarautzen, guztira, zortzi kasu zenbatu dituzte, Azkoitian bost, Aian eta Orion hiruna eta Zestoan bi. Beraz, guztira, 29 koronabirus kasu berri izan dira ostiraletik atzora bitartean.
 
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei erreparatuz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, guztira, 453 kasu positibo zenbatu ditu azken 24 orduetan: 246 Bizkaian, 140 Gipuzkoan eta 43 Araban. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 24 lagunek ere eman dute positibo PCR proban. Ostiraletik atzora bitartean, guztira, 1.704 izan dira hiru lurralde horietan hautemandako kasuak, eta 25.960 PCR proba egin dituzte azken egunetan.
 
Hiru lurralde horietan egun ospitaleratuta daudenak 211 dira, eta 27 lagun daude ZIUn ospitaleratuta.