Kiroldegiko erabiltzaile batek positibo eman du PCR proban

Gorka Zabaleta 2020ko abu. 22a, 12:48

Txanda berean egondako erabiltzaileekin harremanetan jarri da Zumaiako Udala. Osakidetzaren gain dago orain kasua. Kiroldegiak zabalik jarraituko du, prebentzio neurri guztiak hartuta.

Kiroldegiko arduradunak egoera ezagutu bezain pronto harremanetan jarri dira txanda berean izan ziren erabiltzaileekin. Era berean, Udalak kasuaren berri eman dio Osasun Sailari, eta aurrerantzean Osakidetza izango da erabiltzaile horiei bete beharreko neurrien berri eman eta egoeraren jarraipena egingo duena.
 

Covid-19a saihesteko protokoloaren arabera, kiroldegira joateko beharrezkoa da aurrez hitzordua, jendea gurutzatzea zein pilaketak ekidin eta txanda berdinean egon diren pertsona guztiak identifikatuta edukitzeko; modu horretan zehaztu dute PCR proba egin behar dutenen zerrenda.

Zumaiako Udalaren izenean lasaitasun mezua helarazi diete kiroldegiko erabiltzaileei, onetsitako protokoloetan jasotako neurriek bermatu egiten baitute haien segurtasuna eta berehalako erantzuna.

Halaber, osasun neurriak betetzearen garrantzia azpimarratu nahi diete herritar orori: maskara erabiltzea eta distantzia gordetzea ezinbestekoa da, eta COVID-19aren sintomarik izan edo gaixotasuna duen norbaitekin kontaktua izanez gero etxean gelditzea beharrezkoa da. Gainera, PCR proba egiteko edo probaren emaitzaren zain dauden herritarrek etxean gelditu eta Osakidetzak zehaztutako gainontzeko arauak bete behar dituztela nabarmendu dute.

Kiroldegiak zabalik jarraitzen du

Kiroldegiak zabalik jarraituko du, orain arteko protokoloarekin. Egoera ezagutu ostean, prebentzio gisa, PCR proban positibo eman duen herritarra egondako guneko desinfekzio lanak indartu dituzte. Dena den, kiroldegiko gune guztiak egunero desinfektatzen dituztela jakinarazi dute.

Honakoak dira, besteak beste, kiroldegiko protokoloak ezartzen dituen neurriak: erabiltzaile bakoitzak erabilitako makina desinfektatzen du jarduera amaitzean, eta garbitzaileek makina guztiak desinfektatzen dituzte txanden amaieran; langileek ez dute erabiltzaileekin kontaktu zuzenik, eta herritarrak beraien txanda berdineko gainontzeko erabiltzaileekin soilik elkabarnatzen dute gunea, betiere, sarrera-irteeretan zein gunean bertan distantziak gordeta.