Vlad Rares, Xubane Garai eta Zatika taldea garaile Zumaia Sarian

Gorka Zabaleta 2020ko abu. 22a, 12:31

Gaur Zumaiako podiuma osatu duten txirrindulariak.

Ihesaldi ahaleginak izan diren arren, azken metroetan erabaki da kadete mailako Zumaia Saria txirrindularitza lasterketa. Vlad Rare izan da azkarrena mutiletan, eta Xubane Garai nesketan. Zatika izan da talde onena.

Goizeko 10:00etan abiatu dira irteera marratik gaur tropela osatu duten 168 txirrindulariak. 55 kilometroko lana aurretik, baina indarrak gordetzeko zuhurkeriarik gabe aritu dira jo eta su, eguneko ihesaldia osatu nahian. Bigarren itzulian izan da ahalegin serioena, baina ez dira nahikoa tarte egiteko gauza izan, eta helmugaraino ustelak izan dira hanka egiteko saio guztiak. 

Azken txanpan, 21 txirrindularik segundo gutxiko abantaila hartzeko gai izan dira, eta haien artean jokatu dute garaipena. Vlad Rare (Dinuy) izan da azkarrena, aurkariak baino segundo bat lehenago zeharkatu duelarik helmuga. Gabriel Ibañez (Luyando) izan da bigarren eta Imanol Aceña (El Proex) hirugarren. Nesken artean, Xubane Garai (Limousin) izan da lasterketa amaitu duen bakarra eta, beraz, bera izan da irabazlea. Taldeka, berriz, Zatikarentzat izan da saria.

Zumaiarrak, maila onean

Viveros San Antongo txirrindulariek lasterketa ona osatu dute. Irabazlearengandik 23 segundora helmugaratu da Aritz Eizagirre, 45. postuan; Mattin Salegi 72. izan da, 55 segundora; eta Andde Etxaniz 79. izan da, minutu eta 24 segundora. Gainera, taldeka 14. postua lortu dute. 42 taldek hartu dute parte eta 15ek baino ez dute lortu puntuatzea (hiru txirrindulariren puntuak behar dira horretarako). 

Sailkapen osoa: Zumaia Saria 2020