Lau koronabirus positibo berri atzeman dira Zumaian

Gorka Zabaleta 2020ko abu. 21a, 13:36

Azken orduetan egindako PCR probetan lau positibo azaldu dira Zumaian, azken boladako daturik altuena.

Osasun Sailak herriz herriko datuak eman ditu dagoeneko eta, azken orduetan, lau dira Zumaian atzemandako positiboak. Datu kezkagarria, gora egin baitu nabarmen aurreko egunetako joerarekin alderatuta.

Bestalde, Urola Kostan 23 izan dira guztira atzemandako positiboak: bederatzi Azpeitian, zortzi Zarautzen,  Zumaian aipatutako laurak,  eta Orion nahiz Azkoitian bana.

Hego Euskal Herrian 821 positibo atzeman dituzte. Atzo 9.121 PCR proba gauzatu zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta orotara, 724 positibo atzeman dituzte –Araban 124, Bizkaian 431, Gipuzkoan 138 eta bizilekua horietatik kanpoan dutenen artean 30–. Nafarroan, berriz, 1.925 PCR egin eta 97 positibo zenbatu dituzte.

Atzo 50 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian,, eta zortzi Nafarroan. Gaur-gaurkoz, 180 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta horietatik 21 daude ZIUn. Nafarroan, aldiz, zortzi lagun ospitaleratu dituzten atzo; horietatik bi ZIUn. Apirilaz geroztik ospitaleratu gehien atzo izan ziren.