Lubaki kiroldegiak prest du neguko ikastaroen eskaintza

Gorka Zabaleta 2020ko abu. 21a, 11:49

Irailaren 7an zabalduko dute neguko kirol ikastaroetan izena emateko epea. Martxoan ikastaroa eten zitzaienek aukera dute jada izena aurrez emateko, irailaren 3ra arte. Ikusi eskaintza osoa: Neguko ikastaroak 2020

COVID-19ak sortutako osasun krisiak kirol ikastaroetan ere aldaketak sortu ditu. Kirol Patronatuko arduradunek azaldu dutenez, urte zaila izaten ari da aurtengoa, baina datorren negurako eskaintza zabala antolatu dute.

Helduei zuzendutako ikastaroen artean, ohikoak diren Zumba, cycling, pilates edo GAP jarduerak eskainiko dituzte, baita total training eta lehengo urtean arrakasta handia izan zuen TRXa ere. Gazteentzat, zumba eta cycling-az gain, multifitness gaztea eskainiko da, 13 urtetik 16 urtera arteko herritarren artea kirola sustatzeko. Seitik hamabi urtera arteko haurrek zumba ikastaroan parte hartu ahal izango dute.

Igeriketa ikastaroak ere izango dira, baina igerilekuan aforoa modu zorrotzean neurtu beharko denez, egoeraren arabera antolatuko dituzte taldeak. Aurreratu dutenez, antolaketan zozketa sistema erabiltzeko aukera aurreikusi dute.

Izena emateko epeak

Martxoan jarduerak bat-batean eten zirenez, momentu hartan ikastaroren bat egiten ari zirenek jarduera berberean izena aurrez emateko aukera izango dute. Dagoeneko zabalik dute izena emateko epea, irailaren 3ra arte.

Gainontzeko erabiltzaileentzat irailaren 7tik zabalduko da izena emateko epea.

Kiroldegian, aurrez hitzordua hartuta

Kiroldegiko zerbitzuak erabiltzeko aurrez hitzordua hartzea ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere. Horretarako, bazkideek eta kiroldegia erabiltzeko bonoak dituztenek gehienez hiru eguneko aurrerapenarekin har dezakete txanda, 943 86 20 21 telefono zenbakira ohiko ordutegian (6:30etik 21:00etara) deituta . Bazkide ez direnek egunean bertan deitu ahal izango dute.

COVID-19 protokoloa

Ikastaro horiek guztietan prebentzio eta higiene neurriak bete beharko dituzte ikasle zein irakasleek. Gainera, ikastaroetan ohikoa baino aforo murritzagoa izango da eta posible da plazak azkar betetzea. Ondobidean, irailaren 28tik abenduaren 18ra egingo dituzte ikastaroak. Dena den, osasun egoeragatik 20 saio baino gutxiago eginez gero, zati proportzionala itzuliko dutela argitu dute.

Kirol Patronatuko arduradunek azaldu dutenez, egoera berrira egokitzeko eta jarduera segurtasunez egiteko beharrezkoa izango da guztion laguntza. Edozein kasutan, zumaiarrak ikastaroetan parte hartzera animatu dituzte.

Gogoratu COVID-19aren kontrako prebentzio neurriak:

-COVID-19rekin bateragarriak diren sintomak izanez gero, bakartu.
-Eskuak garbitu.
-Distantzia mantendu.
-Maskara erabili jarduera fisikoa egiten ari ez zarenean.
-Etxetik aldatuta joatea gomendatzen dute.
-Edatekoa eta esku zapia etxetik eraman.