Hondakinak behar den bezala sailkatzeko eskatu die UKUEk herritarrei

Aiora LarraƱaga Solabarrieta 2020ko abu. 20a, 12:51

Puntuz puntuko bilketa zerbitzua jasotzen duten merkataritza eta ostalaritza establezimenduei UKUEk ohartarazi die ezin dituztela herritarrek erabiltzen dituzten edukiontzietan utzi sailkatu gabeko hondakinak.

Organikoaren eta errefusaren edukiontziak udan irekita uztea erabaki zuen Urola Kostako Udal Elkarteak, baina hainbat ikuskapen egin ondoren, ohartu dira zenbait herritarrek ez dituztela edukiontziak behar den bezala erabiltzen. Horregatik, hondakinak dagokion edukiontzira botatzeko eskatu die UKUEk Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako bizilagunei. "Erantzukizunez jokatzeko garaia da. Edukiontziak irekita badaude ere, behar den bezala sailtzen jarraitu behar dugu; frakzioak bereizita, dagokion edukiontzian", azaldu du Lurdes Salsamendi udal elkarteko lehendakariak. Horrez gain, gogoratu du "erabat debekatuta" dagoela poltsak edukiontziaren kanpokaldean uztea, eta bolumen handiko altzariak dagokion unean eta era ordenatuan atera behar direla.

Bestalde, puntuz puntuko bilketa zerbitzua jasotzen duten merkataritza eta ostalaritza establezimenduei UKUEk ohartarazi die ezin dituztela herritarrek erabiltzen dituzten edukiontzietan utzi sailkatu gabeko hondakinak.

Hala, hondakinen bilketa eraginkorra izatea herritar guztien ardura dela azpimarratu du udal elkarteko lehendakariak. "Orain arte emaitza onak eman dituen hondakinen bilketa eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da herritarren ardura eta konpromisoa".