Bi koronabirus kasu atzeman dituzte asteburuan Zumaian

Gorka Zabaleta 2020ko abu. 17a, 14:32

Zumaian bi positibo agertu dira asteburuan, bat zapatuan eta bestea atzo. Azpeitian ehun kasu inguru zenbatu dituzte joan den ostegunetik, 3.000 proba inguru eginda.

Asteburuko etenaren ostean, gaur eman ditu herriz herriko koronabirus datuak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Aurreko bost egunak kasu berririk gabe pasa ondoren, asteburuan bi positibo agertu dira Zumaian.

Eskualdeari dagokionez, Azpeitian dago gaur egun fokua. Alde Zaharrean sortutako koronabirus agerraldiari lotuta PCR probak egiten ari da Osakidetza han, eta orotara, ehun bat kasu zenbatu dituzte herri horretan joan zen ostegunaz geroztik. Egunotan 3.000 bat proba egin dituzte Betharrametan horretarako prestatu duten gunean, eta gaur eta bihar ere segituko dute PCRak gauzatzen [Azpeitiko informazio guztia Uztarria.eus-en]. Azpeitiko kasuez gain, Zarautzen bi positibo berri agertu dira, Getarian eta Azkoitian hiruna eta Errezilen bat.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei dagokienez, azken 24 orduetan 364 positibo atzeman dituzte hiru lurralde horietan. 204 kasu Bizkaian detektatu dituzte, 80 Gipuzkoan eta 65 Araban. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren hamabost lagunek ere eman dute positibo PCR proban. Nafarroan, berriz, 61 kasu atzeman dituzte azken orduetan.

Osakidetzaren arabera, atzo 5.625 PCR proba egin zituzten, eta gaur egun hamalau lagun daude ZIUn ospitaleratuta.