Gaur banatuko dira 'Panoli kabareta' kale antzerkirako gonbidapenak, turismo bulegoan

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 14a, 09:01

Abuzturako programatutako kultur ekitaldien barruan, bihar kale antzerkiaren txanda izango da. 19:00etan hasita, Panoli kabareta ikuskizuna izango da Odieta frontoian. Gonbidapenak gaur banatuko dira turismo bulegoan. 

Ganso & Cia konpainiaren lana da Panoli Kabareta. “Artista izan nahi zuten. Autolaguntza liburu bat irakurri zuten. Esperientziarik izan ez arren, beraiengan konfiantza izatea erabaki zuten. Autoestimu gaindosi horren emaitza da Panoli Kabareta. Zirku edota vodevil-aren historian ez dira oroituak izango, baina behintzat barre batzuk botako ditugu", dio sinopsiak.

Pandemiak hala behartuta, antzezlan hau ikusteko aurrez gonbidapena eskuratu beharko da. Txartelak gaur emango dira, doan, turismo bulegoan. 

Bertso saioa

Bertso saioa izango da gaur, 19:30etik aurrera, Herri Eskolako patioan. Beñat Lizaso, Nerea Ibarzabal, Eli Pagola eta Agin Larburu ariko dira bertsotan; gai-jartzailea Ane Ezenarro izango da. Kultura Sailak azaldu duenez, saiorako gonbidapenak geratzen dira oraindik, turismo bulegoan. 18:00ak arte izango dira bertan, eta, geratzen badira, ordu horretatik aurrera Sagarbideko atean. 

Saioaren muntaketa lanak direla eta, eskolako patioa itxita egongo da 17:00etatik aurrera.