"Harro egoteko moduko" musika jaialdia izan dela azpimarratu du Zumaiako Udalak

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 13a, 15:50
Argazkia: Udaleko Kultura Saila

Oreka TX musika taldearen kontzertuarekin amaitu zen igandean aurtengo Zumaiako Musika Jaialdia. 36. edizio honen balorazioa egitera orduan, "harro egoteko moduko" jaialdia izan dela adierazi du Udalak, eta eskerrak eman nahi izan dizkie bertan parte hartu duten herritarrei zein eragileei.

Baldintza zailetan egindako jaialdia izan da aurtengoa. Pandemiak eragin zuzena izan du, eta aurtengo aurreko urteetakoa baino laburragoa izan dela gogoratu dute. Hala ere, "programa orekatu bat" eskaini dela azpimarratu dute, musika alor desberdinei, eta euskal musikari, sortzaileei eta dantzari txokoa zabalduta.

Bizi dugun egoerara moldatu behar izan du jaialdiak ere, eta zentzu horretan aipamen berezia egin die udalak herriko bertako eragileei, eta erakutsi duten gaitasunari: "egitarau berriak, entseguetarako epe estuak, segurtasun baldintzak... Guztia kontutan izanda, kontzertu bikainak eskaini dituzten". 

COVID-19ak baldintzatuta, bertako eta inguruko musikarien parte hartze handiagoa izan dela ere gogoratu dute. "Baina horrek ez du kalitatean eragin. Aspalditik erakutsia dute eta bertako musikariek eta proiektuek maila izugarria". Donostiako Musika Hamabostaldiari eta parrokiko boluntarioei ere eskerrak eman nahi dizkie udalak, "egindako lanarengatik, bai kontzertuetan eta baita entseguetan ere". 

Zenbait ekitaldietan eguraldia lagun egon ez den arren espazio berriak probatu direla ere azaldu du udalak, eta hurrengo edizio batzuetarako baliagarria izango dela espero du. 

Udalak bereziki eskertu nahi dio entzulegoari kontzertuetara joan izana, hainbat ekitaldietan gonbidapenak agortu zirelako, "baita segurtasun neurriak mantendu dituztelako eta honek ekartzen dituen zailtasunez gain arazorik sortu ez delako".