'Izotz ertzak' erakusketa zabalduko du Keixetak, bihar, Alondegiko Oxford aretoan

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 13a, 14:09

Izotz ertzak izena du Keixetaren erakusketa berriak. Artista arroarraren lanak ikusteko aukera izango da Alondegiko Oxford aretoan, abuztuaren 14tik 30era bitartean. 

Zortzi urte daramatza Keixetak bere lanak Zumaian erakutsi gabe. Azkena, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira egin zuen, orain zortzi urte. Zerrenda amaitu gabea zuen erakusketa hark izenburua, eta bonbardaketan hildako biktimei eskaini zien. Ordutik makina bat erakusketa egin ditu herritik kanpo; arte feriatan parte hartu du, eta baita egonaldi artistikoak egin ere. 

Azken urte hauetan zeramika piezek hartu dute protagonismoa Keixetaren obran. "Erabiltzen dituen pasta eta teknika desberdinek pintura eta zeramikaren arteko harremanak sortu dituzte. Bata bestearen lagungarri eta, era berean, idependienteak dira. Biak kontuan izan behar dira erakusketa bere osotasunean ulertzeko", azaldu dute antolatzaileek. 

Batez ere, azken hilabeteetan egindako lanak biltzen ditu erakusketa honek. "Jakinean gara azken hamarkadetan natura eta bizi garen planetarekiko gizakiaren arduragabekeriak aldaketa klimatikoa dakarrela, eta honekin izotz mendien urtzea eta desegitea. Izotz mendiak oinarritzat hartuta, aurtengo udaberrian konfinamenduan sortutako margo eta portzelanazko eta zeramikazko eskultura erakusten dira, materialek eskaintzen dituzten baliabide plastikoak erabiliaz (zuritasuna, hauskortasuna, gardentasuna)", dio artistak. Bere ohiko forma tubularren bidez, pitzadurak eta hausturak sortzen dizkie eskulturei, itxura iragankorragoa emanaz. 

Leihoetan, berriz, kalera begira dauden zeramikazko buruak kokatuko ditu, "isolamendu garaian denok sentitu ditigun beldurra eta kezka adieraziz". Artistaren esanetan, kokapenak eta kopuruak "egunero hain presente ditugun distantzia eta maskarak gogorarazten" dituzte.

Eskulturez gain, formatu handi eta ertaineko 30 koadro ere ikus ahal izango dira erakusketan. "Multzoka kokatzen dira, erakusketa aretoaren neurriei egokituta". Margo hauetan gai nagusia "itxura organikoa duten isla eta planetatxoak" direla dio artistak, "bizitza berri baten fikziozko esperantza". 

Erakusketa bihar zabalduko da, ostiralean, eta abuztuaren 30era arte egongo da zabalik, egunero, 18:30etik 20:30era. Asteburu eta jaiegunetan eguerdietan ere zabalik izango da, 12:30etik 14:00etara bitartean.