[GUTUNA] Zer tristea eta mingarria!

Zumaiako San Juan Egoitzako langileak 2020ko abu. 11a, 09:59

Adinekoen egoitzetako egoera larria da aspaldi honetan, eta tristeena da inork ez duela kasurik egiten. Gure politikariei, enpresariei, ahoa betetzen zaie lan bikaina egiten ari direlako, baina inork ez daki langileak, erabiltzaileak eta, uste dugu, haien familiartekoa ere sufritzen ari garela. Ez dugu une duin bat ere beraiekin egoteko, konbertsazio normal bat izateko, besarkada bat emateko... Dena da orain noa, egon, ezin dut... Esaldi hauek gorrotatzera heldu gara, baina ezin dugu gehiago egin, ezin dugu... Zer tristea eta mingarria!

Enpresei bilerak egitea eskatu diegu, eta ezer ez; ez zaie inporta. Ez digute soluziorik ematen, ez dira lantaldeak handitzen, horrekin beraien irabaziak murriztuko zirelako. Formaziorik ez duen pertsonala kontratatzen dute; edo, gehienera jota, hiru orduko formazioa duten langileak. Ez dira torlojuak: izen-abizenak dituzten pertsonak dira, beraien beharrak dituztenak; iragana dute, baina etorkizuna zalantzazkoa dute gaur egun. Zer tristea eta mingarria!

Beraien egunerokoan gaudenok, egun on edo gabon esaten diegunok, ikusten dugu. Gure aitona-amonek ez dute hau merezi. Beraien irabaziez eta eserleku kopuruaz soilik interesatzen diren enpresarien eta politikarien esku daude gure aitona-amonak eta gu. Dotore ateratzen dira hedabideetan, sorbaldan kolpetxoak ematen, esanaz gauzak zer ondo egin dituzten; zenbat NBE banatu dituzten; zenbat kontingentzia plan prestatu dituzten; egoitzetako langileei eskerrak ematen... Eta gero zer? Ba al dakite nola egiten den lan egoitzetan? Ba al dakite zer egoeran dauden gure aitona-amonak? Egoera zuzenean jakitera inor agertu al da zentroren batera? Edo argazkiak ateratzera bakarrik joaten dira? Ba al dakite negar egiteko gogoarekin ateratzen garela lanetik, gehiago egiteko gai ez izatearen inpotentziarekin? Ezin dugulako. Nazkatuta gaude; gure aitona-amonei minutu bat emateko gai ez garelako nazkatuta; kasurik egiten ez digutelako nazkatuta; gutxiesten gaituztelako nazkatuta... Mundu guztia ateratzen da; ditxosozko “normaltasun” horren barruan bizitza normala egiten du. Baina beraiek urrezko espetxeetan daude, inolaz ere merezi ez duten zerbitzu batengatik dirutza bat ordaintzen. Zer tristea eta mingarria!

 

San Juan Egoitzako langileak