Unai Aznarrek irabazi du Zumaiako 42. txirrindularitza saria

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 9a, 14:26
Argazkia: Juan Luis Romatet

Gipuzkoan antolatutako gizonezkoen lehen txirrindularitza proba jokatu da gaur, Zumaian. 42. edizioa bete du gaur Zumaiako txirrindularitza sariak, 19.a Joxe Mari Kortaren oroimenezkoa ere denetik. Unai Aznar izan da irabazlea ihesaldiz betetako karrera batean. 

Jubenil mailako 153 txirrindulari bildu dira irteera puntuan, 83 kilometroko bideari ekiteko. Eskualdeko errepideetan zehar aritu dira txirrindulariak, eta bitan igo behar izan dute Meaga Axular ibiltokian kokatutako helmuga puntura heldu aurretik. 

Abiada handian korritu da karrera. Horren erakusgarri da irabazleak lortutako bataz-bestekoa: 40,731 kilometro orduko. Ez dira ihesaldiak falta izan, eta horietako batek lortu du helmugaraino heltzea, azkenean sakabanuta iritsi badira ere. Azken metroetan Quesos Albeniz taldeko Unai Aznar heldu da lehena, 2:02,16 denborarekin. Bigarren Aimar Erostarbe (Ulma) heldu da, denbora berarekin, eta hirugarren Danel Casais (Ulma), irabazlearekiko hamar segundora. Laugarren Igor Arrieta (Sakana Group) izan da, eta bosgarren Asier Pozo (Buruntzazpi).

Aznarrek irabazi du, baita ere, mendiko saria; tarteko helmugako saria, berriz, Arkaitz Garmendiak (Limusin) jaso du. Joxe Mari Kortaren bidetik fundazioak ematen duen taldekako saria, aldiz, Ulma taldeak irabazi du. 

Saridunak eta antolatzaileak probaren amaieran.