Artisauek bere espazioa aurkitu dute gaur Beheko plazan

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 8a, 15:14

Ekainaren amaiera aldera egin ohi da Zumaian Artisau azoka. Produktuak erosteaz gain, artisauak lanean ikusteko aukera izan ohi da ekintza honetan. Aurten, baina, pandemiagatik ezin izan da antolatu aurreikusitako unean. Bai, ordea, abuztuan, udako kultur ekitaldien barruan, formatu murritzagoan bada ere. 

Ohikoa dena baino azoka txikiagoa izan da; normalean izaten diren postu kopuru erdia jarri dute plazan. Horrekin osasun neurriek dioten distantziak errespetatu nahi izan dituzte. Azoka sarreran eskuak garbitu behar izan dira, eta baita uneoro maskara eraman ere.

Laburragoa ere izan da, goizez bakarrik egin delako aurten. Artisauak, hala ere, pozik zeuden esperientziarekin, azoka egitea bera aurrerapauso bat izan delako. Horri gehitu behar zaio herritarrak eta bisitariak plazara hurreratu direla postuak ikustera, eta baita erosketak egitera ere.