Dantzari tartea zabalduko diote gaur Zumaiako Musika Jaialdian

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 8a, 10:14

Azken txanpan sartu da aurtengo Zumaiako Musika Jaialdia. Bi ekitaldi besterik ez dira falta ezohiko edizio hau, Jaialdiaren 36.a agurtzeko. Gaur, dantzari tartea zabalduko diote, eta bi koreografia ikusteko aukera izango da 19:30etik aurrera Odieta frontoian. 

Batetik, Lasala taldeak Fight izeneko dantza saioa ekarriko du Zumaiara. Gizakiak borrokarekin duen harremana primitiboa da. Hau presente egon da denboren hasieratik. Lasalatik borroka bizitzan, oro har, eta dantzan bereziki, funtsezko elementutzat jotzen dute.

Jarraian, Myriam Perez Cazabonek Nire azalean arrotz koreografia dantzatuko du. Hala definitzen du gaur Zumaian ikusi ahal izango den saioa: "Presentzia kontzeptuari dagokionez, pieza honen oinarria zera da, izan gabe egotea. Pertsona baten presentzian gertatzen den aldaketari buruzko gogoeta da, aldaketa noiz eta pertsona horren barne-mundua hausten denean eta arrotz sentitzen dituenean bere izaera eta bere egoteko era, ordura arte baleko zitzaizkionak. Presente egoten jarraitzen du pertsonak, ala absentzian murgiltzen da? Eta pertsonak absente badirudi, non geratzen dira haren izaera eta egoteko era? Nola ageri da hori gorputzaren fisikotasunean?".

Ikuskizun honetarako gonbidapenak agortuta daude dagoeneko.