"Joan Mari Torrealdai joan zaigu, baina bere ekarpenek bizirik darraite"

Hekimen Euskal Hedabideen Elkartea 2020ko abu. 1a, 16:50

Atzo zendu zen Joan Mari Torrealdai kazetaria, euskalgintzako ekintzailea eta soziologoa. 'Euskaldunon Egunkaria'-ko administrazio kontseiluko kide ere izan zen Torrealdai, lau hamarkadaz 'Jakin' aldizkariko zuzendari izateaz gain. Torrealdaik euskal komunikazio esparruari egindako ekarpena eskertu nahi izan du Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak ohar honen bidez.

Joan Mari Torrealdai euskararen zein euskal kulturaren berreskurapen prozesuan bidegile garrantzitsua izan da. Ugariak eta askotarikoak izan dira bere ekarpenak, baina lerro hauen bidez eta Hekimen Euskal Hedabideen Elkartearen izenean euskarazko komunikabideen unibertsoari eta, oro har, euskal komunikazio esparruari egindakoa azpimarratu nahi dugu.

Ezaguna izan da ia mende erdiz Jakin aldizkarian egindako lana eta, nola ez, Euskaldunon Egunkaria argitaratzeko egindakoa. Euskarazko komunikabideen arteko elkarlana eta egituraketa bultzatzeko egindakoa agian ez da hain ezaguna baina horretan ere saiatu zen. Egiturak sortu, indartu eta mantentzea, hori zen bere jardunaren iparrorratza. Hekimeni dagokionean, hasitako bideari eutsiko diogu, bere gogoa gugan.

Andoainen, 2020ko abuztuaren 1ean