Torreagako etxebizitzak eraikitzeko ezinbestekoa den arau subsidiario aldaketa behin behinean onartu du udalbatzarrak

Maria Maya Manterola 2020ko uzt. 30a, 14:37

Torreagako proiektua gauzatzeko beharrezkoa zen aldaketa, Puntanoeta eta Torreagaren arteko lotura eteteko. Arau subsidiarioaren aldaketaren berri emateko informazio saio bat egitea aurreikusten du Udalak.

Torreagako etxebizitzak eraiki ahal izateko arau subsidiarioaren aldaketa aho batez onartu zuen atzo osoko bilkurak, aldeko hamasei botorekin. Izan ere, Torreagako etxebizitzetan kokatu behar ziren babes ofizialeko etxebizitzak Puntanoetan egin behar ziren bloke berrietan txertatu zituzten. Puntanoetako promozioa bertan behera gelditu zen, eta babes ofizialeko etxebizitza hauek Torreagaberri promoziora eramatea erabaki zuten udalak eta promotoreek 2018an. Proiektua gauzatzeko, arau subsidiarioaren aldaketa egitea beharrezkoa zen, Puntanoeta eta Torreagaren arteko lotura eteteko.

Udalak zehaztu du aldaketa HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorretik kanpo egin dela, HAPOren onarpenaren zain egoteak prozesua luzatu dezakeela eta. Beraz, Torreagako proiektuari eragiten dion arau subsidiarioaren aldaketa HAPOn txertatuko dute hori onartuta dagoenean. 

Torreagaberri izeneko hirigintza proiektuan 250 etxebizitza egitea aurreikusi dute, Estazioko auzuneko eraikinen eta Urola ibaiaren artean. Etxebizitza horietatik %20 babes ofizialekoak izango dira, eta beste hainbeste tasatuak. Horrez gain, 1.500 metro koadroko lokal bat egokituko dute, udalaren esku geratuko dena. Proiektuaren inguruko beste informazio saio bat egitea aurreikusten du Udalak, herritarrei arau subsidiarioaren aldaketaren berri emateko. 

Komunikazio arduradun lanpostua sortu dute
Atzoko udalbatzarrean behin behineko langileentzat gordetako komunikazio arduradun lanpostuaren sorrera ere onartu zuten aho batez. Orain arte enpresa ezberdinei esleitu izan zaie zerbitzua, eta administrazio-pleguak prestatzen aritu dira teknikariak, funtzioa lehiaketa publiko bidez betetzeko. 

Lan batzuk "udal gobernuarekin harreman estua eta konfiantzazkoa" izatea eskatzen dutela eta, eta teknikarien aldeko balorazio txostenak aztertu ondoren, lanpostua sortu dute.